Arartekoak bukatu du kexa batean egin duen jarduera, Alokabidek kexagileari jarritako fidantza itzuli ondoren

Herritar batek, babes publikoko etxebizitzarekin parekatutako errentamendu-erregimeneko etxebizitza bateko maizterra bera, esku hartzeko eskatu zion Arartekoari, ez baitzegoen ados Alokabide sozietate publikoaren erabaki batekin. Izan ere, birkokatze baten ondoren, Alokabidek erabaki zuen jarritako fidantza atxikitzea eta fidantza osoa ez itzultzea. 

Zehazki, 2023ko apirilean, sozietate publiko horrek jakinarazpen bat bidali zion kexagileari, non adierazi zion ez ziola fidantza osorik itzuliko, etxebizitzan kalte orokor batzuk zeudelako. 

Jakinarazpen harekin konforme ez zegoenez eta erabaki hura bermatzeko txosten teknikorik ez zegoenez gero, 2023ko ekainean, kexagileak erreklamazioa egin zuen. Bere esanean, oro har aipatutako kalteetako asko jada etxebizitzan zeuden etxebizitza eskuratu zuenean, eta hori behar bezala jakinarazi zion Alokabideri. 

Horregatik, kalteak hobeto zehazteko eskatu zuen, zer leporatzen zitzaion aztertzeko eta maizter gisa bere eskubideak defendatu ahal izateko. Hala ere, 2024ko otsailean, Arartekoan kexa-idazkia aurkeztu zuenean, Alokabidek artean ez zion erantzunik eman, ezta txosten teknikorik bidali ere konponketak egotzi izana eta fidantza ez itzultzeko erabakia justifikatzeko. 

Arartekoaren ustez, alokatzaileari dagokio kalteak daudela frogatzea. Horretarako, konponketa bat leporatzeko, ezinbestekoa da berme teknikoa izatea eta hori maizterrari bidaltzea, sozietate publikoak fidantza ez itzultzea erabakitzen duen unean. Bestela, alokatzaileak hartu duen erabakiari aurka egiteko beharrezko informazioa kenduko litzaioke maizterrari. 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari informazioa galdegin eta gero, hark txosten bat bidali dio Arartekoari, Alokabideko Arlo Teknikoko zuzendariak prestaturikoa. Laburbilduz, txosten horretan ebatzi da espedientea berrikustea eta fidantza osoa itzultzea, egiaztatu baita eskatutako konponketak ezin zitzaizkiola egotzi kexagileari.

Kexari ez erantzuteari buruz, sozietate publiko horrek sentitzen du erantzun ez izana, eta barkamen-eskea bidali duela adierazi du. Arartekoak oso ontzat jo du Alokabidek egindako lana, eta eskerrak ematen dizkie sail horri eta sozietate publikoari berari, kexa-espediente honetan eman dioten laguntzagatik.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 25a