Arartekoak Arabako Foru Aldundiari gomendatu dio ken dezala nahitaez aurretiko hitzordua eskatu behar izatea edozein izapide egiteko, eta sistema hori borondatezko hautabide gisa jar dezala

Herritar bat Arabako Foru Aldundiaren Laudioko bulegoetara joan zen, baina ez zioten sartzen utzi, hitzordurik ez zuelako. Kexagileak Arartekoari azaldu zionez, bulegoan ez zegoen inor zain, enplegatu publikoak izan ezik.

Arartekoak administrazio horri galdetu zion ea zer antolaketa-irizpide edo irizpide tekniko dituen, zer arrazoi juridiko erabili duen nahitaez aurretiko hitzordua ezartzeko eta ea benetan beharrezkoa zen edozein jarduera edo izapide egiteko.

Administrazioak bere erantzunean azaldu zuen zerbitzu publikoa hobetzeko bide bat dela, baina ez zuen herritarrak artatzeko sistema hori ezartzeko oinarritzat balio zezaketen datu objektiborik eman, eta ez zuen adierazi horrela jokatzea gaitzen duen araudirik.

Arartekoaren gomendioan nabarmentzen da ez dagoela koherentziarik defentsa-erakunde honi emandako informazioaren eta Aldundiaren web orrian agertzen denaren artean. Administrazioak bere erantzunean adierazi ez bezala, foru aldundi horren web orrian adierazten da aurretiko hitzordua nahitaezkoa dela edozein jarduera burutzeko.

Gogoetetan, Arartekoak azaldu du, antza denez, ez dagoela aurretiko hitzorduaren derrigortasuna justifikatzen duen eta horretarako gaitzen duen araudirik, eta, beraz, neurri horrek ez dirudiela interes orokorrean oinarritua eta administrazio ona jasotzeko eskubidearen kontrakoa dela, zeinak administrazioa bere erabakiak arrazoitzera behartzen baitu.

Azken batean, Arartekoak gomendatu dio ken dezala nahitaezko aurretiko hitzordua, eta sistema hori borondatezko hautabide gisa jar dezala.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 23a