Usurbilgo Udalak kontuan hartuko ditu Arartekoak egindako iradokizunak, udalerrian jarritako abiadura murriztaileak eta oinezkoentzako pasabideetako seinaleak direla eta

Lagun batek kexa egin zion Arartekoari, Usurbilgo Udalak ez baitzion erantzun, ezta neurririk hartu ere, udalerriko bide publikoetan irtenguneei eta oinezkoentzako pasabideei buruzko arauak betetzen ez diren arren.

Bere esanean, 2016ko otsailean, idazki bat egin zion udalari, adierazi nahi baitzion hiri-bidean jarritako irtenguneek ez dutela betetzen araubidea, eta oinezkoentzako pasabideak pintatzeko modua ez dela egokia. Hala ere, ez zuen erantzunik jaso eskaera oinarritzeko erabili zituen gogoeten gainean (besteak beste, "Abiadura murriztaileak hiri eta hiriarteko bideetan" izenburuko Arartekoaren gomendio orokorra).

Usurbilgo Udalari informazioa eskatu ondoren, hark espedientea bidali zigun eta jakinarazi zigun interesdunarekin harremanetan jarri zela, harekin elkartu eta gaia aztertzeko, baina kexagileak uko egin ziola gonbitari.

Informazio hura osatu zezan galdegin genion, eta udalak hainbat agiri bidali zizkigun, besteak beste, irtenguneak egiteari buruzko proiektu eta txosten tekniko batzuekin lotutakoak.

Informazio guztia aztertu eta gero, Usurbilgo Udalari iradoki genion berriz azter zitzala udalerrian jarritako abiadura murriztaileak eta, hala balegokio, plangintza egin zezala, erabiltzaile guztiek zirkulazio-bideak behar bezala erabili ahal izateko beharrezkotzat jotzen ziren instalazioak berriz egokitzeko.

Era berean, aholkatu genion zentzuzko epe batean legeriara egokitu zezala oinezkoentzako pasabideak pintatzeko modua.

Usurbilgo Udalak onetsi eta kontuan hartuko ditu Arartekoaren gomendioak. Erakunde honek on deritzo udalaren erabakiari, eta, hortaz, bukatutzat eman du kasu honetan egin duen jarduera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 20a