Gipuzkoako Foru Aldundiak Arartekoaren gomendioak onartu ditu "Donostialdeko Metroaren" igarobideari buruzko herri-galdeketaren ekimenari dagokionez

Arartekoak "Donostia Satorralaian metroko igarobidea eteteko auzotarren plataformak" aurkeztutako kexa bat jaso zuen. Plataforma horrek herri-galdeketa bat egiteko ekimena sustatzeko eskaera egin zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak metroko igarobidearen finantzaketan parte hartzeari buruzkoa, eta 8.900 donostiarren sinadurak aurkeztu zituen, baina eskaera ezetsi egin dute.

Besteak beste, ebazpenean, Arartekoak aldundiari honako hau gomendatzen zion: aurrekontu-proiektuan partida bat sartzen bazen, behar besteko publizitatea eman ziezaiola; hala, fase honetan partaidetza-prozesu bat proposatzeko interesa dutenek beren eskubidea benetan gauzatu ahalko zuten.

Gainera, gai horren gainean herritarrek parte hartzeko edozein ekimen egingo balitz, aldundiari berariaz eta behar bezala arrazoituta ebazteko eskatzen zion, Gipuzkoako herritarren partaidetzako foru arauak eskatzen duen eran.

Gipuzkoako Foru Aldundiak onetsi eta kontuan hartuko ditu Arartekoaren gomendioak.


Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 27a