Arartekoak, Manuel Lezertuak, Bartzelonako Unibertsitateak antolatu dituen Comunicación tributaria clara. Una aproximación interdisciplinar jardunaldietan parte hartu du

Administrazioaren komunikazio argia ezinbesteko baldintza da herritarrek administrazioaren aurrean dituzten eskubideak era egokian baliatzeko

Arartekoak bere hitzaldian nabarmendu duenez komunikazio argia herritarrek administrazio publikoekin dituzten harremanetan duten eskubidea da; eskubide hau informazioa eta orientazioa lortzeko eta beren betebeharrak betetzen laguntzeko eskubideetatik sortzen da.

Aldi berean eskakizun hau arautegitik eratortzen da, besteak beste berriena den Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 LEGETIK. Testu honen funtzionamenduaren eta herritarrekiko interakzioaren printzipioen artean soiltasuna eta ulergarritasuna sartzen dira.

Arartekoak adierazi duenez, administrazio publikoen formalismo eta legezko hizkera gehiegi erabiltzea askotan oztopoa edo eragozpena da herritarren eskubideak baliatzeari dagokionez, batez ere harreman hori bitarteko elektronikoen bidez gertatzen bada. Eta, egia esan, zerga-arloa administrazio-hizkera argia gutxien erabiltzen duenetako bat da, eta ezaugarri honen eragina handiagoa da aholkularitza profesionalera jo ezin duten kolektibo ekonomiko ahulenen kasuan.

Arartekoak administrazioan hizkera argia erabiltzearen aldeko Archiletras manifestua goraipatu zuen, modu adierazgarrian eta ulergarrian adierazten dituelako administrazioen eta erakundeen betebeharrak, eta bereziki 8. atala azpimarratu zuen, administrazioarekiko harremanetan presentzialtasuna defendatzeari buruzkoa.

Era berean Ararteko erakundeak premia horiei erantzuteko ahalegina egiten du eta, ildo horretatik, Arartekoaren 2013ko urriaren 10eko Zerbitzuen Gutunak erabiltzaileen eskubideen artean aipatzen du Arartekoaren ahozko eta idatzizko jakinarazpenetan hizkera ulergarria erabiltzeko, eta beharrezkoak diren azalpenak lortzeko. Arartekoaren webgunean funtsezko testuak bideo grafikoen bidez ematen dira, baita Irakurketa erraza moduan ere, piktogramekin.

EGITARAUA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 22a