Arartekoak Gipuzkoako Foru Aldundiari gomendatu dio izapidetu dezala datu historikoak lortzeko eskubidea

Eskatu dio ebazpen arrazoitu baten bidez izapidetu dezan, eta bertan horren interesa neurtu eta balioetsi dezan, artxibo eta erregistro publikoak eta ondare historiko eta dokumentalekoak eskuratzeari buruz indarrean dauden arauekin bat etorriz

Herritar batek babesa eskatu zion Arartekoari, laguntza eta aholkuak nahi baitzituen, bere aita zenduaren jatorri biologikoari buruzko datuak eskuratzeko. Kexagilearen aita Zizurkilgo umezurtz-etxean adoptatu zuten, 1922an. Horrela, kexagileak bere aitaren aldeko amonaren datuak lortu nahi zituen. Bere aita 2016an hil zen, eta amona ere hil delakoan daude, adopziotik denbora luzea igaro delako, 100 urte baino gehiago. 

Kexagileak informazio hori ezagutzeko ahaleginak egin zituen 2016an, baina ukatu egin zioten; errekurtsoa jarri zuen, eta eskubidea ukatu ziotenez gero, jada auzibidean, auzi-epaitegiak administrazioari eman zion arrazoia.

2023an berriro eskatu zituen datu haiek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak adierazi zion eskaera hura lehenago jada ebatzi zutela, 2018an emandako epai irmoa zegoela eta hark eragotzi egiten ziola administrazioari beste erabaki bat hartzea, bere ustez ez baitzen lege-berrikuntzarik izan.

Horren haritik, Arartekoak gomendioan adierazi du jatorri biologikoari buruzko datuak lortzeko eskubidea ez litzaiokeela aplikatu beharko kexagileari.

Hala ere, Arartekoak arrazoitu du eskuratu nahi den informazio hori lortzeko eskubidea artxibo eta erregistro publikoetarako sarbidea izateko arauen arabera balioetsi behar dela eta, gainera, ondare historiko eta dokumentalaren gaineko araudiaren arabera, izan ere, balio historikoa duelako gordetzen da informazioa eta, beraz, araudi horretan xedatutako haztatze-irizpideak erabili gabe sarbidea ukatzea, agian, ez dator zuzenbidearekin bat. 

Kasu horretan, Arartekoak gomendioan gaineratu du lortu nahi den sarbide-eskaera izapidetzea eta horri erantzutea Kultura Sailari legokiokeela, artxibo historikoaren arloan eskuduna delako. Hala, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak informazioa “bizirik” duten adopzio-espedienteak izapidetuko lituzke, baina igaro den denboragatik (100 urte) itxuraz balio historikoa duten dokumentuek Kultura Sailaren eta Gipuzkoako artxibo historikoaren eskuetan egon beharko lukete.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 6a