Arartekoak Donostiako Udalari gomendatu dio epe eta modu egokian erantzun diezaiela Asociación agraviados por Arcco, C.C. elkarteak informazio publikoa eskuratzeko egin dituen eskaerei

Herritar batek, Asociación agraviados por Arcco, C.C. elkartea ordezkatuz, esku hartzeko galdegin zion Arartekoari, izan ere, elkarte horrek eta bertako zenbait kidek udalari eskaera anitz egin zizkioten udal espedienteak eskuratzeko, baina ez zuten erantzunik jaso eta ez zeuden ados jokaera horrekin.

Kexan, idatziz jasota zeuden informazio publikoa eskuratzeko asmoz 2021. urtetik udalari eta Donostiako Sustapen Sozietateari egin zitzaizkien eskaera ugariak, erantzunik gabekoak.

Arartekoak laguntza eskatu ostean, udal horrek azaldu zuen arazoak izan zituela eskatutako informazioa biltzeko, egoera ebaluatzeko bilerak egin zituztela elkarteko ordezkariekin eta agiriak emateko konpromisoak hartu zituztela elkarte horrekin.

Arartekoak egiaztatu du ez zaiela epe eta modu egokian erantzun elkarte horrek aurkeztutako eskaerei; horregatik, bidezkoa iruditu zaio Donostiako Udalari gomendio bat egitea, administrazio horri gogorarazteko gardentasun-araudian aurreikusitako prozedura-betekizunak bete behar direla.

Zehazki, Donostiako Udalari gomendatu dio epe eta modu egokian izapidetu ditzala Asociación agraviados por Arcco, C.C. elkarteak informazio publikoa eskuratzeko egin zituen eskaerak.
 

EBAZPENA