Arartekoak Bizkaiko Garraio Partzuergoari gomendatu dio bitarteko fisiko eta elektronikoen bitartez argitara ditzala zerga-ordenantzen aldaketak

Orobat, galdegin dio informazio publikoa lortzeko eskaerak izapidetu ditzala eta erregistro elektroniko elkarreragilea ezar dezala

Bizkaiko Garraio Partzuergoak Bizkaiko Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean iragarri zuen garraio-abonuak arautzen dituen zerga-ordenantzaren aldaketa bat. Herritar batek partzuergo horren web orria kontsultatu zuen eta ez zuen aurkitu proposaturiko aldaketa hura; horregatik, bi idazki bidali zizkion tokiko erakunde horri, aldaketaren edukia ezagutzeko.


Bi idazki horiek Bizkaiko Foru Aldundiaren erregistro elektronikoaren bidez bidali zituen, izan ere, partzuergo horrek ez dauka erregistro elektronikorik herritarren idazkiak eta eskaerak jasotzeko.


Lehen eskaerari buruz, herritarrari posta elektronikoz erantzun zioten web orrian argitaratuko zela ordenantzaren aldaketa, baina ez zen hala egin; horregatik, kexagileak berriz egin zuen eskaera. Hala ere, partzuergoak ez zuen jakin bigarren eskaera haren berri, administrazioen arteko elkarreragingarritasunarekin zerikusia zuten arazo batzuengatik.


Arartekoak ebazpenean adierazi duenez, ez du ikusi Bizkaiko Toki Ogasunen Foru Arauan aurreikusitakoa bete denik, publizitateari eta ordenantza-aldaketak jendaurrean dagokion epean eta tokian agertzeari dagokienez. Gainera, nabarmendu du administrazio horrek ez duela behar bezala bete informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.


Azkenik, administrazio elektronikoan oinarrizkoak diren elementu batzuk aipatu ditu ebazpenean, erakunde publiko horrek elkarreragingarritasun-arazoak alegatu baitzituen kexagilearen bigarren idazkia ez jaso izana justifikatzeko. Zehazki, adierazi du ez daukala ez egoitza elektronikorik, ezta erregistro elektronikorik ere herritarrek partzuergo horri idazkiak eta eskaerak aurkeztu ahal izateko.


Horrela, Arartekoak hauxe gomendatu dio Bizkaiko Garraio Partzuergoari: bitarteko fisiko eta elektronikoen bitartez argitara ditzala, dagokion epean, zerga-ordenantzen aldaketak; gardentasunari buruzko araudiaren arabera izapidetu ditzala informazio publikoa eskuratzeko eskaerak; eta erregistro elektroniko elkarreragile bat ezar dezala, herritarrek zuzenean erakunde publiko horri aurkeztu ahal izateko beren idazkiak, agiriak eta eskaerak.


EBAZPENA


Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 15a