Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta Arartekoaren erakunde adierazpena

2023ko urriaren 1a

Arartekoa Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren alde azaltzen da, Ongizate Estatuaren benetako zutabe izango dena eta adineko pertsonen eskubideak bermatuko dituena

Urriaren 1ean Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunaren 33. edizioa ospatzen dugu. Aurtengo leloa edo ardatza "Adinekoentzako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren promesak betetzea: belaunaldi guztien artean" da.

Efemerideak aukera ematen du adineko pertsonek jasaten dituzten eskubideen urraketei aurre egiteko erari buruz elkarrekin hausnartzeko. Era berean, gizadi osoaren helburua den Garapen Jasangarriko Helburuak betetzea errazteko belaunaldien arteko elkartasuna indartzeko modu bikaina dela gogorarazteko aukera ematen du.

Arartekoaren ustez egokia da gogoraraztea nazioarteko egun honetan Osasunaren Mundu Erakundeak honela definitzen duela zahartze aktiboa: “Osasun-, partaidetza- eta segurtasun-aukerak optimizatzeko prozesua, zahartu ahala pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko”.

Definizio horren arabera Arartekoak egun honetan adinekoen giza eskubideak erabat bermatzeko beharra aldarrikatzen du. Politika publikoek independentzia-, partaidetza -duintasun-, laguntza- eta autoerrealizazio-printzipioetan oinarritu behar dute, pertsonek euren bizi-ziklo osoan ongizate fisiko, sozial eta psiko-afektiboko potentziala garatu ahal izan dezaten. Adinekoek gizartearen bilakaeran eta egunerokoan parte hartzen jarraitu behar dute euren premien, nahien eta gaitasunen arabera, eta, hala behar dutenean, babes, segurtasun eta zaintza egokiak jaso behar dituzte. Ildo horretatik belaunaldien arteko programak bultzatzeak gizarte-kontzientzia aldatzen lagundu behar du zahartzeari buruzko ikuspegi positiboa lortzeko.

Nazio Batuen idazkari nagusiak adierazten duen bezala, "Adineko pertsonak ezagutza eta esperientzia iturri baliotsuak dira eta ekarpen handia egin behar diote bakeari, garapen jasangarriari eta gure planetaren babesari".

Eusko Legebiltzarrak agindutako pertsonen eskubide eta askatasunak bermatzeko eginkizuna betez Arartekoak, jasotzen dituen kexa eta kontsulten bidez eta, aldi berean, hirugarren sektoreko erakundeekin duen elkarrizketa eta harreman iraunkorraren bidez, egiaztatu ahal izan du Euskadin adinekoek nahiago dutela mendekotasun-egoerei euren etxeetan aurre egitea. Beraz, beharrezkoa da EAEko gizarte-zerbitzuek pertsona askok pairatzen dituzten isolamendu-egoerak, baita pandemiaren ondorioz ere, gainditzen laguntzea, ondore horretarako pertsona bere etxean mantentzeko neurri posible guztiak hartuz. Neurri horien artean daude, besteak beste, prestazio ekonomikoak eskuratzea, etxez etxeko laguntzak, laguntza-produktuak, etxebizitzaren egokitzapena, eguneko zentroak eta zentro okupazionalak, egoitzetako eta eguneko zentroetako aldi baterako eta asteburuko egonaldiak, zaintzaileei laguntzeko programak edo autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzuak.

Adineko Pertsonen 2023ko Nazioarteko Egun honetan Arartekoak arreta sozialeko programei behar adina baliabide pertsonal eta material ematera gonbidatzen ditu euskal botere publikoak, Ongizate Estatuaren benetako zutabe izaten jarraitzeko gaitasuna duen erantzukizun publikoko eta estaldura unibertsaleko sistema integral gisa eratutako Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren aldeko apustu irmoa eginez.


Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 29a