BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK INFORMAZIO HOBEA EMANGO DU MENDEKOTASUNA DUTEN PERTSONENTZAKO EGUNEKO ZENTROETAKO ZERBITZUETAN BAJA EMATEAZ


Horrela, Aldundiak Arartekoaren iradokizuna onartu du, Bizkaiko eguneko zentro batzuetako erabiltzaileen familien kexa batzuk jaso ondoren, izan ere, erabiltzaile haiei zentro haietan baja eman zitzaien, "zentroko jardueretan parte hartzen ez zutela" argudiatuz.


Vitoria-Gasteiz

Kasurik gehientsuenetan, pertsona horiek narriadura kognitibo larria dute eta ezintasun horrexegatik ez zuten parte hartzen. Hala ere, familiek ziotenez, zentro horietan bazekiten haien partaidetza-mailaren berri plaza bat eman zitzaienean, eta ez zieten bestelako azalpenik eman hartutako erabakiaren gainean.

Kexa horiek epe laburrean iritsi zirenez gero, Arartekoan galdera bat sortu zen: Bizkaiko eguneko zentroetan ba al dago irizpide nagusirik edo horien egoera berraztertzeko planik?

Bizkaiko Foru Aldundiaren jarduera plan nagusi baten ondoriozkoa izan ala ez, beste bi gai hauetara zabaldu zen gure kezka: ea pertsona horiei zer hautabide ematen zitzaien eta ea zer informazio eskaintzen ari zitzaien beraiei eta beren familiei.

Gai horien berri eskatu genion Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailari, eta, informazioa aztertu ostean, hauxe iradoki genion: zerbitzuetan baja emateko orduan, arreta berezia jar zezala erabiltzaileei eta beren familiei informatzeko eta parte hartzeko prozesuetan. Era berean, administrazio ebazpenak eta jakinarazpenak hobetu zitzan proposatu genion, ekintzaren arrazoien eta alegazioak ezesteko arrazoien edukia aberastuz, egokien iruditzen zitzaion moduan.

Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi digu gure iradokizunak onartu dituela eta hausnarketa-prozesu bat hasiko duela, arlo horretan etorkizunean egiten duen jarduera ebazpenean adierazi genionari egokitzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 28a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad