ARARTEKOAREN ERAKUNDE ADIERAZPENA, ARRAZAGATIKO BEREIZKERIA DEUSEZTATZEKO NAZIOARTEKO EGUNEAN


2017ko martxoaren 21a


Vitoria-Gasteiz

Egun horretan, Arartekoari beharrezkoa iruditzen zaio berriz ere ahotsa goratu eta honako hau salatzea: ekimen ugari eta eraginkortasunik gabeak abiarazi direla gerratik, jazarpenetik eta bizitzeko baliabide gabeziatik ihes egin eta duintasunez bizitzeko harrera-toki bat aurkitu nahi duten pertsonen mugimendua eragozteko.

Bereziki laidogarria da aurreiritzi ideologikoetan oinarritutako harresiak jasotzea. Harresi horiek gure artean bizi diren pertsonenganako gorrotoa pizten dute, etniagatik, erlijioagatik eta beste arrazoi batzuengatik; baliozkotasuna ukatzen diete giza eskubideei eta oinarrizko askatasunei, nahiz eta gizakiak horiek berezko dituen; eta entzungor egiten diote pertsonarik ahulenenganako elkartasuna erakusteko betebeharrari.

EBren txosten berri baten arabera (Discrimination in the EU in 2015. Report), 2012. urteaz geroztik bereizkeriazko jarduerak areagotzen ari dira diskriminazioa jasateko arriskuan dauden taldeetako kideen kontra, besteak beste, jatorri etniko desberdineko pertsonen kontra. Egoera hori ikusita, galdera-sortari erantzun dioten pertsonetatik asko (%62) Europan jarduera diskriminatzaileak desagerrarazteko neurri berriak ezartzearen alde daude.

Ikuspegiren 2016ko Barometroaren arabera, zorionez, Euskadin, euskal gizarteak ez du ikusten immigrazioa arazo nagusitzat; %,2 bakarrik adierazten du naturaltasunez EAEko arazorik garrantzitsuena dela.

Arartekoak gogora ekarri nahi ditu Errefuxiatu eta Migratzaileentzako New Yorkeko adierazpenean hartu ziren konpromisoak. Adierazpen hori Nazio Batuen "ELKARREKIN" ekimenaren barruan onartu zen, errefuxiatu eta migratzaileenganako errespetu eta begirune handiagoa lortzeko.

Gainera, Arartekoak berriro dio guztiz ziur dagoela gure demokrazia-sistema sendotu eta sakondu nahi badugu, ezinbestekoa dela aniztasuna, elkartasuna eta berdintasuna defendatu eta bultzatzea, gizarte-justizia bermatuz. Etorkizunean horren mende daude gure gizarteen kohesioa eta garapen orekatua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 20a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad