Erakunde baliagarria. Noiz jo dezakezu guregana

Arartekoa erakunde baliagarria da; euskal administrazioen arazoak konpontzen ditu eta zuzenak ez diren jarduerak zuzentzen. Urtean zehar aztertzen ditugun administrazio-jardueren erdietan baino gehiagotan Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako sailetako edo udaletako jarduera oker, desegoki edo irregularrak ikusten ditugu (legea hautsi delako, herritarrek administrazio onerako duten eskubidea errespetatu ez delako, praxi edo praktika administratibo txarra egon delako edo pertsonen eskubideen behar adineko babesa bermatzeko ez delako interpretatu legea).

Gure ebazpenak nahitaez betetzekoak ez diren arren (ombudsman edo herri defendatzaile guztien ezaugarrietako bat da hau) Arartekoak eraginkorra eta gogatzen duena izatea lortu du; horren ondorioz, gure gomendioen %80 baino gehiago onartzen dute administrazioek eta beraien jarduera edo erabakia zuzendu egiten dute herritarraren mesederako.

Herritarrak artatzeko bulegoetan edo telefono bidez hartzen ditugu herritarren eskariak eta orientazioa eta informazioa eskaintzen dugu; horrez gain, kexa espedientea hasten dugu, eskariek legez ezarritako baldintzak betetzen dituenean.

Gure lanari buruzko urteko estatistiketan eta herritarrek Arartekoarekin harremanak izateko zerbitzu eta eskubideen Gutunean duzu honi guztiari buruzko informazio zehatzagoa.

Arartekoarengana jo dezakezu herri-administrazio batek behar ez bezalako jarduera izan duela edo legea urratu duela uste duzun bakoitzean. Gomendagarria da aurrez dagokion administrazioaren aurrean erreklamazioa aurkeztea. Kasu hauetan kexa espedientea hasten dugu eta administrazioaren jokaera aztertzen dugu.

Dagokizun eskubide bat urratu dela uste duzunean ere jo dezakezu Arartekoarengana, urratze hori herri-administrazio batek egin ez badu ere. Horrelakoetan informazioa eta orientazioa ematen saiatuko gara.
Arartekoarekin harremanetan jartzeko, herritarren arretarako hiru bulegoetakoren batera etor zaitezke, posta elektronikoz igorri dezakezu kexa (inprimaki bat dago webgunean) edo posta normalez (edo faxez) idatzi bat igor dezakezu.

Arartekoak zerbitzu hauek eskaintzen ditu:

  1. Herritarrek aurkeztutako kontsulten orientazioa.
  2. Edozein pertsona edo erakundek aurkeztutako kexa eta eskari guztiak hartu eta erantzun.
  3. Tramitera onartutako kexa guztiak tramitatu eta, dagokionean, ebatzi; eta onartzeko baldintzarik betetzen ez dutenak informatu eta orientatu.
  4. Gure eskumeneko gaiei buruz aritzeko erakundera etortzen diren pertsonak informatu, artatu eta laguntza eskaini.
  5. Gure eskumenekoak ez diren gaiei buruz aritzeko erakundera etortzen diren pertsonak informatu, artatu eta laguntza eskaini.
  6. Ofiziozko jarduerak hasi.
  7. Urteko txotena eta txosten monografikoak egin.
  8. Arartekoaren ebazpenak betetzen direla ikusteko jarraipena.
  9. Ebazpenak, jarduerak, ikerketak, azterketak, informaziorako materialak eta argitalpenak hedatu, intimitaterako eskubidea arautzen duen araua errespetatuaz.
  10. Pertsonek administrazioaren aurrean dituzten oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak babesteko eta defendatzeko trebakuntza eta arlo horri buruzko dibulgazioa, bereziki haurrei eta nerabeei buruzko eskubideak.
  11. Administrazioaren praktika onak sustatu eta babestu, herritarrei administrazio ona izateko eskubidea bermatzeko.
  12. Beste erakunde eta instituzio publiko eta pribatuekin lankidetzan aritu, Arartekoaren erakundeak izendatuta dituen xedeak betetzeko gaietan.
  13. Datu-baseak eta dokumentu funtsak kontsultatu, Arartekoaren web gunearen bidez.
  14. Ikerketarako bekak eman, deialdi publiko bidez, giza eskubideei lotutako gaurkotasuneko gaiei buruz.
  15. Hausnarketarako eta herritarren parte hartzerako foro presentzialak eta birtualak sustatu eta dinamizatu, pertsonen eskubideen gaineko gaiei buruz, adituen, gizarte erakundeen, gizarte zibilaren eta administrazio publikoetako ordezkarien parte hartzearekin.
    :
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad