Zer da arartekoa

Ongi etorri gune honetara. Arartekoa zen den azaldu nahi dizuegu labur-labur.

Arartekoa Euskadiko herriaren defendatzailea edo ombudsmana da. Gu ondo ezagutzea nahi dugu, zehazki zer egiten dugun eta zertan lagun zaitzakegun jakitea. Herritar guztiak hobeto defendatu nahi ditugu, euskal herri-administrazioen jarduera eta politika publikoei dagokienez.

Web atari zabal hau zure gustukoa izatea espero dugu, eta lortu nahi dugun helburua (informatzea, komunikatzea, gauzak garden adieraztea eta parte hartzea) behar bezala betetzea. Edonola ere, zerbitzu bikaina eskaini nahi dugu eta, horretarako, laguntza eskatzen dizugu. Beraz, animatu zaitez, helaraz iezazkiguzu zure proposamenak eta iritziak, web atari hau eta, oro har, Arartekoaren jarduerak eta zerbitzuak hobetu ditzagun, beti eragingarritasunez, modu atseginean eta azkar egin nahi ditugu eta.

Eusko Legebiltzarraren otsailaren 27ko Arartekoari buruzko 3/1985 Legeak sortu eta arautu zuen Arartekoa Euskal Herriko Autonomi Estatutuko 15. artikuluan ezarritakoaren arabera.  Arartekoa Eusko Legebiltzarraren goi mandataria da eta pertsonen eskubideak defendatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, udalak edo horien mendeko erakunde publikoak) jarduera eta politika publikoei dagokienez.

Ararteko erakundea edo bulegoa pertsona bakarrak zuzentzen du eta horrek ere arartekoa du izena. Bost urterako aukeratzen du Eusko Legebiltzarrak eta horretarako bostetik hiruko gehiengoa behar izaten da. Erakunde independente eta alderdikeriarik gabekoa da eta euskal herritarrei doako zerbitzu publikoa eskaintzen die.

Ararteko erakundearen zeregin nagusia da administrazioaren jarduera oker edo irregularrei buruz herritarrek egiten dituzten kexak, eskariak edo kontsultak jaso eta bideratzea. Kexak prozedura jakin baten arabera izapidetzen dira eta, bertan, dagokion administrazioari bere jokaeraren berri eskatzen zaio. Baldin eta, legerian ezarritakoaren arabera, kexa sorrarazi duen jarduera okerra izan dela erabakitzen bada, Arartekoak ebazpen bat ematen du eta, gomendio baten bidez, jarduera oker hori aldatzeko eskatzen dio administrazio arduradunari. Ebazpen horiek web atari honetan argitaratzen dira.

Euskal administrazioen politika publikoei buruzko diagnostikoak ere egiten ditu Arartekoak, batik bat txosten bereziak edo monografikoak eginez. Gainera, gomendioak egiten ditu politika horiek hobetzeko, herritarren eskubideak hobeto babestu daitezen, batez ere herritar horiek egoera txarrean, gizartetik baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan, diskriminatuta edo gizarte-eskasian bizi badira.

Era berean, herritarrei zerbitzuak egiten dizkieten zentroak eta bulegoak ikuskatzera joaten da Arartekoa, harremanak eta aldizka bilerak izaten ditu gizarteko errealitatearen arlo desberdinetan lanean ari diren hainbat elkarte eta erakunderekin (GKE) eta anitz ekitaldi eta forotan hartzen du parte; horren guztiaren bidez, politika publikoek eta administrazioen jarduerek etengabeko bilakaera izan dezaten eta hobetu daitezen lortu nahi du, kalitateko zerbitzuak eskaintzeko, eskubideak beteko direla bermatzeko eta desberdintasun, diskriminazio, eskasia eta gizarte-bazterketaren kontra borroka egin eta horiek errotik kentzeko. Zeregin horretan buru-belarri dihardugu politika publikoak behar dituzten taldeen atalean (web atari honetan identifikatuta dauden hamaika arloetako bat da).

Giza eskubideak errespetatzeari buruzko sentikortasuna eta kontzientziazioa areagotzeko ekimenak ere burutzen ditugu.

Arartekoak urteko txosten baten bidez ematen dio Eusko Legebiltzarrari bere jardueren eta ekitaldien berri. Txosten hori web atari honetan argitaratuta dago. Beste zenbait gauza ere aurkituko dituzu web honetan: ebazpenak (gomendioak, iradokizunak edo ondorioak), txosten bereziak, gomendio orokorrak, azterlanak, beste argitalpen batzuk, iritzi-artikuluak, erakunde-adierazpenak, Arartekoaren jarduerei eta ekintzei buruzko informazioa.

"Zer da Arartekoa" izeneko atal honetan, beste azpiatal edo erlaitz batzuetan, informazio zehatza aurkituko duzu Arartekoaren antolaketaz eta funtzionamenduaz, baita ere bere aurrekontuaz, kudeaketa ekonomikoaz, langileez, eta abar. Gardenak izan nahi dugu, eta herritarrei ahalik eta ongien lagundu. Zerbitzu publiko bikaina izan nahi dugu eta, horregatik, etengabe berritzen ari gara, hobetzen, kalitate-programetan sakontzen, herritarrei eta gizarte erakundeei entzuten, gero eta hobeto artatu ditzagun eta egunetik egunera eraginkorragoak eta eragingarriagoak izan gaitezen.

Pertsonen eskubideak bermatzeko eta defendatzeko erakundea gara. Giza-eskubideen sistema gure demokrazien eta bizikidetzaren funtsezko oinarria da, berez dinamikoa eta ebolutiboa; hortaz, etengabe hobetu daiteke eta hobetu behar da. Horretarako, botere publikoek gogor saiatu behar dute, baina gutako bakoitzaren konpromisoa eta lana ere ezinbestekoak dira.

Gure eskubideen sistema oso garrantzitsua denez gero, giza-eskubideak sustatzen eta babesten lagundu dezazuela eskatu nahi dizuegu atari honetan sartzen zaretenoi. Bizitzeko eskubidea, pertsonaren duintasuna, askatasuna, berdintasuna, osotasun fisiko eta morala, nortasuna askatasunez garatzea... horiek guztiak egunero defendatu behar ditugu. Baita ere pertsonen eskubideak egoera onean egoteko behar-beharrezkoak diren balioak: indarkeriarik eza, hurkoa eta desberdin dena errespetatzea, aniztasuna, senidetasuna eta elkartasuna. 

Agur bero bat.



Ezagutu erakundea - Flash formatoan
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren antolaketa eta funtzionamendu araudia Arartekoaren antolaketa eta funtzionamendu araudia
Otsailaren 27ko 3/1985 legea,"Arartekoa" erakundea sortu eta arautzezkoa - 137 KB Otsailaren 27ko 3/1985 legea,"Arartekoa" erakundea sortu eta arautzezkoa
Euskal Herriko Autonomia Estatutua - 130 Kb. Euskal Herriko Autonomia Estatutua
Arartekoaren helburu programatikoak 2010-2014 aldirako Arartekoaren helburu programatikoak 2010-2014 aldirako
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad