Julia Hernández Valles Zuzenbidean lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean, eta Kriminologian diplomaduna Euskal Herriko Unibertsitatean. Horrez gain, zerga zuzenbidean, laneko aholkularitzan eta gizarte segurantzan diplomaduna da.
Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuko abokatu gisa jardun zuen 1989tik 2004ra arte. Gai penal eta zibiletan espezializatu zen, batez ere adingabeen eta emakumeen eskubideak defendatzen. Aldi hartan, Emakume Abokatuen Sareko kide izan zen.
Bere laneko ibilbidean, abokatutza eta bizitza publikoko lana bateratu ditu, lehendabizi PSE-EEko batzarkide moduan Gipuzkoako Batzar Nagusietan (1995-1998ko legegintzaldian), eta 1998. urteaz geroztik Errenteriako Udaleko zinegotzi gisa, Gizarte Ongizate eta Osasun arloko zinegotzi-ordezkari karguan, baita Udalaren Adinekoen Egoitzaren Patronatuko Lehendakaritzan ere. Azken kargu hori 2004. urtera arte bete zuen.
Luzaroan Clara Campoamor elkartearen ordezkari arduraduna izan zen Gipuzkoan. Talde horrek 20 urte baino gehiago daramatza emakumeen eta adingabeen oinarrizko eskubideak babesten eta lortutako aurrerapenen alde egiten, ongizate gizartea sortu ahal izateko, guztientzat baldintza beretan, sexu edo adinagatik bereizkeriarik egin gabe. Elkarte horretan, emakumeen kontrako indarkeriarekin eta sexu-erasoekin zerikusia zuten gaien defentsa juridikoaz arduratu zen.
2004. urteaz geroztik arartekoaren ondoko kargua betetzen ari da. 2009an berriro kargu horretarako proposatu eta aukeratu zuten, aurreko agintaldia amaitu ostean.
FIOren (Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioa) Emakumeen Defentsa-erakundeen Sareko kide da.
Hainbat jardunaldi eta biltzarretan parte hartu du, funtsean adin txikikoekin eta emakumeekin zerikusia zutenetan. Besteak beste, nabarmentzekoak dira honako hauek: Gazte Delinkuentziazko fenomenoak: Zigorrak ezartzeko modu berriak zeritzan Nazioarteko Biltzarra, 2007ko azaroan Sevillan egina; bertan hizlari izan zen, "Bakarrik dauden adingabe atzerritarrak babestuko dituen legeria berria behar da" izenburuko ponentziarekin; Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Munduko III. Biltzarra. Bartzelonan egin zen, 2007ko azaroan, eta han ere hizlari gisa parte hartu zuen; Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Munduko IV. Biltzarra. Puerto Ricon egin zen, 2010eko azaroan. Haurren inguruko turismo sexualaz mintzatu zen.
2011ko otsailean Euskalerriaren Adiskideen Elkartean sartu zen, kide numerario gisa. Sarrera-hitzaldiak "Bezeroak haurren esplotazio sexualean" izan zuen izenburu.
Haurren esplotazio sexualaren gaia ikertzen jardun du azken aldi honetan. Gai horren gaineko argitalpenak atera ditu eta horrekin zerikusia duten zenbait forotan esku hartu du, adibidez, Puerto Ricoko Ordezkarien Ganberak hiri horretan 2011n egin zuen foroan.