Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean jarri zen martxan, orain 23 urte, Arartekoa edo Euskadiko Herriaren Defendatzailea, Juan San Martínen zuzendaritzapean. Zoriak erabaki zuen pertsonen eskubideak eta printzipio demokratikoak babesteko Eusko Legebiltzarraren goi ordezkaria hasieratik bertatik emakumeen berdintasunerako eskubidearekin lotuta geratzea.
Konstituzioaren 9-2 artikuluak aitortzen duen eskubidea, hau da, benetako berdintasunerako eskubidea emakumeentzat egiazkoa izatetik urrun dago, emakumeek oraindik desberdintasuna eta bereizkeria pairatzen baitituzte zenbait eremutan: lanean; enpresetan eta eremu publikoan erantzukizunik handienak gauzatzean; etxeko lanak egitean eta seme-alabekin nahiz familiako mendeko pertsonekin ardurak betetzean; herriko jaietan parte hartzean; emakumeek Historian bete duten eginkizuna eta izan duten garrantzia aitortzean; beraien kirol arrakastak gizartean eta hedabideetan agerian jartzean, eta abar.
Jokaera eta jarrera sexistek eta matxistek oraindik ere bizirik diraute biztanleriaren sektore askotan, eta haurrei helarazten zaizkie. Horrela, umeei rol bereiziak ematen zaizkie, emakumeak gizonekiko bigarren tokian eta, areago, haien mende egotea sustatzen duten rolak, hain zuzen.
Era berean, genero-indarkeriaren edo indarkeria sexistaren gaitz larriari egin behar diogu aurre. Gaitz horrek emakume asko eta asko mehatxatzen, jipoitzen eta hiltzen ditu, edo etengabeko tratu txar fisiko edo psikologikoko bizimodura makurrarazten ditu. Joan den astean jakin genuenez, emakume bat bortizki jo zuen bere bikotekideak Donostian. Indarkeria matxista prebenitzeak, antzemateak eta desagerrarazteak lehentasunezko gaia izan behar du botere publiko guztientzat. Botere publikoek horretarako mekanismoen eta tresnen eraginkortasuna eta koordinazioa gehitu behar dituzte.
Horregatik guztiagatik, Arartekoak botere eta administrazio publikoei eskatzen die, baita herritarrei ere, erabakitasunez eta eraginkortasunez lanean jarrai dezagula emakumeek dituzten oinarrizko eskubide hauen alde: duintasunerako eskubidea, benetako berdintasuna izatekoa, nortasuna libre garatzekoa eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea.