URRIAREN 10A: OSASUN MENTALAREN MUNDUKO EGUNA


FEDEAFESek eta ASAFESek antolatutako ekitaldian parte hartu du arartekoak, eta elkarte horiek beren gain hartzen duten konpromisoa eta ardura nabarmendu ditu, kohesio-elementu gisa jarduten dutelako buruko osasun-arazoak dituztenen eta politika publikoak eratzen dituztenen artean.


Vitoria-Gasteiz

Gaur Osasun Mentalaren Munduko Eguna ospatzen da. Ospakizun hori Osasun Mentalaren Munduko Federazioak sustatu du, arazo psikikoak dituzten pertsonen beharrak ikusarazteko. Efemeride hau dela eta, FEDEAFESek (Gaixo Psikikoen Senideen Elkarteen Euskadiko Federazioa) ekitaldi bat burutu du gaur Gasteizen, eta bertan izan dira Manuel Lezertua arartekoa eta herri-administrazioetako beste hainbat ordezkari.

Bere mintzaldian, arartekoak bere estimua eta elkartasuna erakutsi nahi izan die buruko osasun-arazoak dituzten pertsonei, haien senideei eta haien eskubideen alde eta haien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz egunero lanean dihardutenei.

Lezertuak zoriondu eta jendaurrean eskerrak eman dizkie pertsona horien senideei, batez ere FEDEAFES eta ASAFESI, "beraien lan onagatik, beren gain hartzen duten konpromisoagatik eta arduragatik, kohesio-elementu gisa jarduten dutelako buruko osasun-arazoak dituztenen eta politika publikoak eratzen dituztenen artean, baita Ararteko erakundearekin ere. Lankidetza hori oso on, aberasgarri eta eragingarria iruditzen zaigu".

FEDEAFESek aukera hori baliatu du talde horren oraingo egoeraz gogoeta egiteko eta bere eskaerak jakinarazteko. Erakundeetako ordezkarien adierazpenen ondoren, buruko osasun-arazoak dituzten zenbait lagunek honako manifestu hau irakurri dute, Estatuko elkarte-mugimenduak idatzitakoa: "Zu bezalakoa naiz, oraindik ez badakizu ere".

Mintzaldien ostean, Asafes: barrutik kanpora izeneko erakusketa inauguratu da, zeinak gogora ekartzen baitu gaixo psikikoen senideen Arabako elkartearen 40 urteko ibilbidea.

Vitoria-Gasteiz 2016ko urriaren 10a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad