OMBUDSMANAREN IBEROAMERIKAKO FEDERAZIOAREN XXIII. BILTZARRA


Etxebizitza duina izateko eskubidea
Andorra

Arartekoaren ordezkari batzuk eraginkortasunez parte hartzen ari dira egunotan Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren XXIII. Biltzarrean, Andorran.

Topaketa horretan, gizakiaren bizitzarako funtsezkoa den gai bat aztertzen ari dira: etxebizitza duina izateko eskubidea; eskubide hori nazioarteko itunik garrantzitsuenetan jasota dago.

Arartekoaren ondokoak, Emakumeen Defentsa-erakundeen Sareak Europako Eskualdean duen koordinatzailea denez, hainbat bileratan parte hartu du, baita ere etxebizitza duina eskuratzeko orduan berdintasunez eta bereizkeriarik gabe jokatzeari buruzko mahai-inguru batean.

Manuel Lezertua arartekoak, bere aldetik, gai honetaz hitz egingo du gaur: "Etxebizitzarako eskubidea. Europako eta Amerikako ikuspegiak".

Bere hitzaldian nabarmenduko du etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea ez dela hartu behar soil-soilik babesleku bat izateko eskubide bezala, baizik eta pertsonek berez dituzten gainontzeko eskubideen osagai bateratzaile gisa.

Gainera, bere ustez, guztiok helburu hau izan behar dugu: etxebizitza egokia izateko eskubiderik gabeko pertsona asko bizi diren gizarteak denek eskubide hori beteta izango duten gizarte bihurtzea. Gizarte berri horietan, pertsonek berez dituzten gainerako eskubideak bermatzeko bidea izango da etxebizitza, adibidez, duintasuna eta segurtasuna izateko eskubidea eta komunitate iraunkorretan sartuta egotekoa.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 21a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad