IVAP-EK EZ DU ONARTU ARARTEKOAREN GOMENDIO HAU: EUSKARAKO B2 MAILAKO EGIAZTAGIRIA ONAR DIEZAIOLA HAUTAKETA-PROZESU BATEAN PROBA GAINDITU ZUEN PERTSONA BATI



Vitoria-Gasteiz

Pertsona batek Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente kategorian sartzeko hautaketa-prozesuan parte hartu zuen. Deialdia egin zen unean, gainditu egiten zuen legez ezarritako adin muga eta, horregatik, prozesuan izan zuen parte-hartzea kautelazkoa izan zen.

Prozesu hartan, interesdunak euskararen ezagupena erakusteko proba egin zuen, hain zuzen ere, Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 mailari zegokiona, eta azterketako orrialdeetan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (HAEE/IVAP) logotipoa agertzen zen.

2015eko urrian, epaimahaiaren posta elektroniko bat jaso zuen, eta bertan jakinarazi zioten gainditu zuela proba. 2017ko maiatzean, IVAPi hizkuntza-eskakizun haren egiaztagiria eskatu zion, baina ez zioten eman. Horregatik, berriro eskatu zuen, IVAPeko Euskara zuzendariordeari idazki bat bidaliz, baina hari ere ez zioten erantzun.

Bestalde, hautaketa-prozesuari berari dagokionez, kexagileak gainditu egin zuen Ertzaintzaren oinarrizko prestakuntza-ikastaroa, jarduneko funtzionario izendatu zuten eta gaitzat jo zuten praktika-aldian.

Hala ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak interesduna baztertzea erabaki zuen, parte hartzeko baldintzetako bat ez betetzeagatik.

Arartekoak informazioa eskatu zion IVAPi. Hark txosten bat bidali zuen, baita ere egiaztagiriaren ukapena oinarritzeko asmoz interesdunari igorri zion idazkiaren kopia bat.

IVAPek zioenez, interesdunak kautelaz parte hartu zuen hautaketa-prozesuan, 35 urte bete gabe izateko baldintza betetzeari buruzko epai irmoa jaso arte.

Interesdunari bidalitako posta elektronikoak ez omen zuen egiaztatzeko baliorik eta posta hura epaimahaiko idazkariak helarazi omen zion, ez IVAPek.

Orobat, IVAPen ustez, kautelazko neurria amaitzeagatik eta parte hartzeko baldintzetako bat ez betetzeagatik kexagilea prozesutik baztertu zutenean, baliorik gabe geratu zen euskarako 2.HE egiaztatzeko proban lortutako kalifikazioa, izan ere, kautelaz egin zuenez gero, ezin zen egiaztagiririk eman.

Hala ere, Arartekoaren iritziz, azkenean hautaketa-prozesutik kanpo geratzea ezin da parekatu interesdunak prozesuan ez parte hartu izanarekin, IVAPek dirudienez uste zuen bezala, bada, egiaz, kautelazko neurria indarrean egon zen bitartean, ondorioak sor zitzaketen zenbait jarduera burutu ziren. Adibidez, euskararen ezagutza erakusteko proba. Proba horrek bi alderdi zituen: batetik, hautaketa-prozesuko baldintzak, probak eta merezimenduak bete ote ziren erabakitzea eta haiek balioztatzea; eta, bestetik, proba gainditzen zutenek hizkuntzaren ezagutza-maila bat zutela egiaztatzea.

Horrela, ezarri beharreko araudiaren interpretazio integratzaileari jarraiki, Arartekoak gomendatu zuen onar zedila pertsona horrek egiaztatu zuen euskara-maila.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 26a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2019R-2613-17 Ebazpena, 2019ko maiatzaren 16koa. Horren bidez,
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (HAEE) gomendatzen zaio, aitortu dezala
pertsona batek euskararen ezagutzaren B2 maila egiaztatuta duela; izan ere,
hautapen-prozesu batean maila horri dagokion proba gainditu zuen. Arartekoaren 2019R-2613-17 Ebazpena, 2019ko maiatzaren 16koa. Horren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (HAEE) gomendatzen zaio, aitortu dezala pertsona batek euskararen ezagutzaren B2 maila egiaztatuta duela; izan ere, hautapen-prozesu batean maila horri dagokion proba gainditu zuen.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad