EUSTAT-EK PROTOKOLO BAT ONARTU DU, ADINEKOEI ERAGOZPENAK GUTXITZEKO BEREN ESTATISTIKA ARLOKO BETEBEHARRAK BETETZEKO ORDUAN



Vitoria-Gasteiz

Pertsona batek kexa egin zion Arartekoari, adin handiko bere amaren izenean, EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeak estatistika-datuak lortzeko moduagatik. Zehazki, Ingurumenari eta Familiei buruzko 2015eko galdesorta egiteko erabili zen prozedura aipatu zuen.

Kexagileak zioenez, bere amak 80 urte ditu eta zenbait telefono-dei jaso zituen. Dei horietan, behin eta berriz adierazi zioten datu batzuk eman behar zituela, gutun ziurtatu baten bidez aldez aurretik jakinarazi zioten galdesorta batekin lotutakoak. Bere amak adin handikoa zela esan zienean, "bakarrik bizitzearekin" zerikusia zuten datuak eskatu zizkioten, eta, haren ondorioz, areagotu egin zen bere ezinegona.

Kexa aztertu ondoren, baita estatistika-araudiak ezartzen dituen betebeharrak ere, 2016ko abuztuan Arartekoak EUSTATi iradoki zion arautu zitzala estatistika arloko betebehar horretatik libre geratzeko egoerak, galdesorta erantzun behar zutenen adina aintzat hartuta. Era berean, proposatu zion bere prozedura eta formularioetan berariaz kontuan har zitzala adin handiko pertsonak, eta saihestu zezala zama astunegia ezartzea estatistika-datuak zuzenean biltzeko orduan.

EUSTATek berriki Arartekoari adierazi dio protokolo bat prestatu duela 2016ko azaroan: "Nola jardun behar den, erantzuteko ezintasunagatik, etxeetan galdesortei erantzuten ez zaienean". Protokolo horretan ezarrita dago galdetzaileek zer prozedura erabili behar duten pertsona batzuek adinagatik, mendekotasun larriagatik edo osasun txarragatik erantzuteko arazoak dituztela ikusten badute. Protokolo horretan batzen dira adinekoengandik zuzenean informazioa jasotzeko interesa, batetik, eta haiei ahalik eta arazo gutxien sortzeko konpromisoa, bestetik.

Beste neurri batzuen artean, aintzat hartzen da informazio hori beste pertsona batzuengandik (senide edo konfiantzako pertsonak) lortzeko aukera. Gainera, prozedura bat ezarri da, behin operazioaren arduradunak ikuskatuta, eta erantzuteko ezintasunagatik ezezko emaitza egiaztatzen duen bigarren harremana izan ondoren, galdesorta behin betiko bukatutzat jo dadin.

Arartekoaren ustez, protokolo horren bidez EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeak hartu ditu eskatutako neurriak, estatistika-datuak zuzenean biltzeko orduan, kasu bakoitzean adinekoei zama astunegia ez jasanarazteko.


Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 27

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad