EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA, ARARTEKOAREN ERAKUNDE-ADIERAZPENA


HAMABI KAUSA HILEZ HIL - MARTXOA

2020ko martxoaren 8a


Vitoria-Gasteiz

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela bide, Arartekoak gogorarazi nahi du feministen agenda eta balioak belaunaldiz belaunaldi eraikiz joan direla, emakume askoren ekarpenari esker, izan ere, haiek sexu-bereizketarik egin gabe, denontzat berdintasunezko mundua gogoan erabili eta nahi izateko buru-argitasuna izan zuten.

Oinordetzan hartutako burutazio horiek hazi eta aldatu egin dira, agenda feministan orain lehentasuntzat jotzen ditugun gaietarantz bideratu dira: berdintasuna soldatan eta ekonomian; emakumeen erabateko protagonismoa gizartean, baita erabaki ekonomiko-politikoak hartzeko orduan; zainketa-lanaren iraultza: zainketaren balio soziala eta ekonomikoa aldarrikatzen du, baita ere lana, norberaren bizitza eta familia bateragarri egiteko premia, eta laguntza behar duten pertsonez arduratzeko lanean, emakumeek eta gizonek erantzukizuna partekatzea, lan hori funtsezkoa baita gizadiarentzat; emakumeen duintasuna, bizia eta osotasuna babestea, indarkeriazko matxismo erailearen aurka.

Ideien eta balioen ondare aberatsa da, belaunaldiek elkarrekin partekatutakoa, guztiz beharrezkoa, dudarik gabe, gizartean eta ekonomian aurrera egiteko, gizadiak aurrera egiteko. Genero-berdintasunaren aldeko agendak gizartearen gero eta babes handiagoa du orain; horrek XXI. mendeko zeharkako fenomenoa bihurtzen du borroka feminista, zeinak, azken batean, politika guztien erdigunean jarri nahi baititu bere eskaerak eta errebindikazioak.

Ondare feminista horrek ekarpen garbia egin dio gizarte osoari, eta Arartekoak balioa eman nahi dio horri. Gainera, egun hau dela medio, adierazi nahi du gizartean aliantzak eratu behar direla (publikoak nahiz pribatuak) gizonen eta emakumeen artean, genero-berdintasunaren aldeko agendatik eratortzen diren lehentasun horiek sendotzeko. Era berean, botere publikoei gogorarazten die oso garrantzitsua dela ahalik eta baliabiderik gehienak ematea errebindikazio feminista horiei erantzun argia, aurreratua eta eskuzabala emateko, izan ere, emakumeen eskaera gisa sortu baziren ere, gizarte-justizia hutseko arrazoietan oinarritzen dira eta, gaur egun, ezinbesteko premisa dira gizadi osoak aurrera egin dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 6a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad