EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA, ARARTEKOAREN ERAKUNDE ADIERAZPENA


HAMABI KAUSA HILEZ HIL - MARTXOA

2019ko martxoaren 8a

Arartekoaren ustez, nabarmendu behar da genero berdintasunaren arloan legeak, politikak, programak eta proiektuak onartzearekin batera, berariaz jarri behar direla diru eta giza baliabideak.
Vitoria-Gasteiz

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Arartekoak gogorarazi nahi du gure gizarteak zer-nolako erronkei eta oztopoei egin behar dien aurre, Euskadin emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatu behar duen esparru juridikoa ezarri eta betearazteko orduan. Gure erronka da bizitzaren arlo guztietan gizonen eta emakumeen erabateko berdintasuna bermatzera bideratutako politika publiko dinamikoak mantendu eta hedatzea. Erronka hori estuki lotuta dago nazioarteko testuinguruarekin, bereziki pentsamendu eta ekintza feministen joerekin, horiek gero eta indartsuago eskatzen baitute sakon alda dadila gure gizartea antolatzeko eredua, egiturazko matxismoa eta bere ondorio kaltegarriak erauztea lortzeko. Zoritxarrez, emakumeek gizonekin benetako berdintasuna lortzeko bidean tinko aurrera egiten ari diren bitartean, gero eta ahots gehiagok sustatzen eta bultzatzen dute kontrako norabidean erreakzionatzea, emakumeen giza eskubideen kontra. Erreakzio horiek bide ematen diete generoarekin lotutako aurreiritzi eta estereotipo zahar eta berriei, eta gizarte-jarrera sexistak eta diskriminatzaileak sustatzen dituzte emakumeen aurka, bereziki, gorrotorako zirikada sexista.

Euskadin, erakunde eta pertsona askoren ahaleginari esker, azken urteotan aurrerapen ukaezinak egin diren arren, oraindik ere bizirik diraute boterezko egitura desorekatuak, ez da amaitu generoagatiko indarkeria, emakumeek oraindik parte-hartze mugatua dute prozesu politikoetan eta enpresa-erabakiak hartzean, eta oraindik hortxe daude laneko ezegonkortasuna eta pobreziaren feminizazioa.

Arrazoi horiegatik, asko dira erronkak. Horiei behar bezala aurre egiteko, euskal erakundeek irmotasuna, uste osoa eta buruzagitza erakutsi beharko dituzte, ekimenak abiaraziz, emakumeek erabaki politiko eta ekonomikoak hartzeko prozesuetan berdintasunez parte hartuko dutela, behar bezala ordaindutako enpleguak lortu ahal izango dituztela eta, oro har, baliabide ekonomikoak eskuratu ahal izango dituztela ziurtatzeko. Era berean, aurre egin beharko zaie bateragarritasunak eragiten dituen premiei, izan ere, bateragarritasuna oztopatuta dago, bai kultura-balio sexistek dirautelako, bai gizarte- eta ekonomia-baliabide gutxiegi dagoelako gizon-emakumeek beren eskubideak pareko baldintzetan baliatu ahal izan ditzaten.

Arartekoak, hain esanguratsua den egun hau baliatuta, eskatu nahi du agenda publikoetan lehen tokian sar daitezela honako gai hauek:

- bateragarritasuna eta gizon-emakumeen erantzukizun partekatua lortzeko neurriak indartu daitezela, zaintza behar duten pertsonak zaintzeko orduan;
- neurriak indartu daitezela txiki-txikitatik hasita hezkuntza-zikloaren bukaera arte sexista ez den hezkuntza ahalbidetzeko;
- berdintasunean trebatu ditzatela arlo guztietako profesionalak;
- presta daitezela soldata arrakala eta pentsio arrakala deuseztatzeko ezinbestekoak diren tresnak;
- neurriak har daitezela pobrezia feminizatzearen kontra borrokatzeko;
- zenbait ekintza abiaraz daitezela hedabideetan eta publizitatean estereotipo sexistak desagerrarazteko.

Azkenik, Arartekoaren ustez, nabarmendu behar da genero berdintasunaren arloan legeak, politikak, programak eta proiektuak onartzearekin batera, berariaz jarri behar direla diru eta giza baliabideak. Euskal politika guztietan, genero berdintasunaren zeharkakotasunaren aldeko neurriak hartu behar dira, eta erakundeen mekanismoak indartu, euskal administrazioen maila orotan. Horrez gain, dagokien diru-kopurua izan beharko dute, bestela, neurri horiek ez dute behar bezalako eraginkortasuna izango.

Adierazpen honetan sustatu ditugunak bezalako neurri indargarriak abiarazi, sendotu eta garatzeko orduan premiaz eta erabakitasunez jardutea erabakigarria izango da, Arartekoaren aburuz, etorkizunean Euskadin emakumeen eta gizonen berdintasuna hobetzeko bidean aurrera egiteko.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 7a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad