COVID 19AREN PANDEMIAK SORTU DUEN EZOHIKO EGOERA DELA ETA, ARARTEKOAK BERRESTEN DU PERTSONEN OINARRIZKO ESKUBIDEAK ETA DUINTASUNA BERMATZEN JARRAITU BEHAR DELA, BATEZ ERE KALTEBERENENAK.


Aldi berean, aintzat hartzen du euskal administrazio publikoak eta beraien profesionalak egiten ari diren ahalegin goresgarria, eta eskertzen ditu euskal herritar guztien erresistentzia, elkartasuna eta jarrera zibikoa


Vitoria-Gasteiz

Covid 19 koronabirusaren pandemia hedatzeak sortu zuen osasun-alarmagatik, larrialdi egoera adierazi zen Euskadin, eta alarma egoera Espainian. Harrezkero hiru aste igaro ondoren, Arartekoak, lehenik eta behin, esker onik zintzoena eman nahi dio bere etxean konfinatuta dagoen euskal gizartearen gehiengoari. Gizalegezko eta giza elkartasunezko ekintzak dira horiek. Arartekoak bereziki eskerrak eman nahi dizkie Euskadin egoera latz honetan gehien behar dutenei laguntzeko asmoz bikain mugitu diren boluntario guztiei.

Munduko toki gehienetan bizitzen ari garen osasun-krisi honek inoiz ez bezalako askatasun-murrizketak ezarri ditu, baita gurea bezalako gizarte demokratiko eta askeetan ere. Gure biztanleria erresistentzia-jarrera miresgarriaz betetzen ari da murrizketa horiek, norberaren eta erkidego osoaren mesederako. Euskal administrazioak eta, batez ere, osasun-arloan, gizarte-zerbitzuetan, segurtasun arloan lan egiten duten pertsonek, baina baita erkidego osoarentzat funtsezko zerbitzuak ziurtatzen dituzten beste sektore batzuetakoek ere, giza konpromiso izugarria erakusten ari dira, profesionaltasun itzela eta erreakzio-ahalmen handia, ezusteko fenomeno ikaragarri honen aurrean. Lan egiteko eta zerbitzuak antolatzeko moduak egoera honek sortu dituen eskakizun berezietara egokitzeko ahalmena erakusten ari dira, zerbitzu publikoa egiteko eta interes orokorrari erantzuteko bokazio argiarekin, hori beren lanean erabateko lehentasuntzat hartuta.

Une gogor hauetan, Arartekoak nabarmendu nahi du herritarrei laguntzeko prest dagoela, gizon-emakumeen eskubideen bermatzaile eta defendatzaile denez, eta une oro ez diola begirik kentzen egoerarik txarrenetan egon daitezkeen pertsona guztien sufrimenduari. Ararteko erakundeak, gainontzekoek bezalaxe, bere lan egiteko modua egokitu du itxialdi honetan, baina herritarrentzat eskuragarri jarraitzen du, aurrez aurrekoak ez diren bideak (telefonikoa eta elektronikoa) erabiliz. Hala ere, Arartekoak badaki une larri hauetan profesional eta administrazio publiko asko berebiziko ahalegina egiten ari direla pandemiak sortzen dituen erronka anitz eta askotarikoei erantzun eraginkorrak ematen saiatzeko, eta, horregatik, behar bezalako neurriz bideratzea erabaki du euskal agintariei egindako errekerimenduak, lehentasunez erantzun ahal izan diezaieten gairik larrienei edo premiazkoenei.

Hala eta guztiz ere, Ararteko erakundeari beharrezkoa iruditzen zaio bereziki gogoan izatea egungo larrialdi-egoera gehien pairatzen egon daitezkeen pertsonak, ahul edo beste pertsona batzuen laguntzaren mende daudelako, birusaren kontra fisikoki oso ahulak direlako, itxialdiak beraien osasun fisiko edo mentalean eragina izan dezakeelako edo aterpean egoteko baldintza materialik eta pertsonalik ez dutelako. Adin handiko pertsonak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta beraien seme-alabak, abusuak jasan dituzten neska-mutikoak, desgaitasuna edo mendetasuna dutenak edo beste gaixotasun fisiko edo mental batzuk dituztenak, etxegabeak, egoitzetako langileak edo espetxeratuak; horiek denek gure arreta berezia merezi dute orain, beraien oinarrizko eskubideak baliatzeko aukerak ahuldu egin baitira, bizitzen ari garen ezohiko gertakarien ondorioz.

Arartekoak bereziki aipatu nahi du zer-nolako ahalegina eskatzen ari gatzaizkien gure haurrei eta, jakina, gure adin handikoei.

Beren etxeetan dauden mutiko, neskato eta nerabeak moldatzeko eta ahalegintzeko ahalmena erakusten ari zaizkigu, aldi baterako uko egin baitiete hain preziatuak dituzten ondasunei, alegia, jolasari eta aske korrika egiteari, naturak harritu ditzan uzteari edo lagunak besarkatzeari. Aldi berezi honetako irakaskuntzak beraientzat baliagarria izan beharko du gizon-emakumeen baliorik sakonenak ulertzeko, besteak beste, elkartasuna eta konpromisoa guztien ongizatearekin.

Arartekoak bereziki azpimarratu behar du pandemia hau eragin handia izaten ari dela gure edadetuengan: zainketa gutxiago jasotzen ari direnak edo etxean bakarrik bizi beharra daukatenak, hainbeste maite dituzten senide horiek gabe; baita ere egoitzetan bizi diren adin handiko pertsonak, pandemia lazgarri honen biktima nagusiak izan baitira. Birus honek adintsuengan izan duen osasun- eta gizarte- eragin itzelak, zalantzarik gabe, gogoeta lasai eta sakona egitera bultzatu beharko gaitu bihar-etzi, gure adineko pertsonentzat nahi dugun zainketa-ereduari buruz. Erakunde honen ustez, hori dagoeneko lehentasun bat da gure gizarte-sistemarentzat, eta gogoeta horretan bere ekarpena egiteko konpromisoa hartzen du, honako izenburua duen Arartekoaren 2020ko udako ikastaroan: "Bilatu gabeko bakardadea. Politika publikoen ereduak eta herritarren konpromisoa.

Azkenik, mundu mailako pandemia baten aurrean gaudela kontuan hartuta, Arartekoak gizarte zibilari eta euskal administrazio publikoei ere hurbildu nahi dizkie nazioarteko hainbat erakundek munduko herritarrei helarazi dizkieten oharrak eta gomendioak. Eta gogora ekarri nahi du, berriro ere, pertsonen giza eskubideek eta duintasunak nahitaez indarrean jarraitzen dutela, mundu osoko gobernuak pandemia honi aurre egiteko hartzen ari diren neurriei dagozkien hainbat alderdi direla eta.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 8a


 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad