BALIAEZINTASUN HANDIKO EZINTASUN IRAUNKORRA DAGOENEAN, ETXEBIZITZA SAILAK EZ DU KONTUAN HARTUKO PENTSIOAREN OSAGARRI OSOA HILEKO ERRENTA ZEHAZTEKO



Donostia-San Sebastián

Herritar batek esku hartzeko eskatu zion Arartekoari, izan ere, etxebizitza bat errentan hartuta zeukan, Donostiako Etxegintzak kudeatutakoa, eta ez zegoen ados hileko errenta gehitzearekin.

Azaldu zuenez, erreklamazio formala egin zuen, bere ustez ez baitzen zuzena Etxegintzak hileko errenta gehitzeko egin zion kalkulua. Zehazki, adierazi zuen berak jasotzen duen baliaezintasun handiko pentsioak bi kontzeptu dituela: alde batetik, pentsioa bera, eta, bestetik, bere eguneroko zaintzaileari ordaintzeko erabiltzen den berariazko osagarria. Zaintzaileak Gizarte Segurantzan alta hartuta dauka.

Bere erreklamazioari emandako erantzunean, Etxegintzak hauxe adierazi zion, hitzez hitz: "Se ha efectuado una consulta a la Delegación de Gipuzkoa del Departamento de Vivienda del Gobierno Vasco acerca de la petición realizada y se ha obtenido como respuesta que los ingresos recibidos en concepto de complemento específico de la pensión de gran invalidez han de ser tenidos en cuenta como percepciones de la unidad convivencial, aunque dicho rendimiento tenga por finalidad la de remunerar a la persona que precisa atención."

Arartekoari neurriz gainekoa iruditzen zaio hileko errenta zehazteko orduan pentsio-osagarria kontuan hartzea, izan ere, osagarri hori, egiaz, ezinduari oinarrizko jardueretan (garbitzen, janzten edo jaten) lagunduko dion pertsona bat kontratatzeko erabiltzen da.

Sail horrek onartu egin du kexa, eta jakinarazi du baliaezintasun handiko ezintasun iraunkorragatik jasotzen diren errenta edo pentsio osoen bi heren hartuko direla kontuan, beste herena zaintzaileari ordaintzeko erabiltzen dela iritzita.

Arartekoak on iritzi dio sail horren erabakiari, eta bukatutzat jo du bere jarduera.


Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 12a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2017IR-852-17 Ebazpena, 2017ko maiatzaren 30ekoa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren jardunarekiko erakutsitako desadostasunari lotutako kexan izandako jarduna amaitu egin du. Arartekoaren 2017IR-852-17 Ebazpena, 2017ko maiatzaren 30ekoa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren jardunarekiko erakutsitako desadostasunari lotutako kexan izandako jarduna amaitu egin du.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad