ARARTEKOAREN KOMUNIKATUA HONDARRIBIKO ALARDEA DELA ETA



Hondarribia

Hondarribiko Alardeak urtero garrantzi eta zirrara maila handia du hondarribitarrentzat. Duela 20 urte pertsona talde batek jai honetan emakumez eta gizonez osatutako konpainia bat sortzea erabaki zuten, genero arrazoiengatiko rolen bereizketarik egin gabe. Denbora tarte luze honetan, honako hau lortu dute: hala nahi dutenek, jai honetan berdintasun ikuspegi batekin parte hartzeko toki bat izatea.

Beste urtebetez, Arartekoak, bere funtzioak betez, azpimarratu du pertsona bakoitzari bere eskubideak eta askatasunak egikaritzeko eskubideak bermatu behar zaizkiola. Horretarako, ezinbestekoa da elkarrizketa sozialean sakontzea Hondarribiko herritarren sektore esanguratsuak oraindik zatitzen dituzten aldeak gainditzeko xedez, emakumeek alardean parte hartzeko duten eskubideari eta bertan parte hartzeko duten moduari dagokionez. Testuinguru horretan, botere publikoek bizikidetza zailtzen duten oztopoak kendu behar dituzte, eta eskubideak benetako berdintasun baldintzetan baliarazten direla erraztu. Arartekoaren ahalegina gai horren gainean elkarrizketa sozial lasaia sortzea izan da orain arte, eta etorkizunean ere helburu hori lortzen ahaleginduko da, elkarrekiko konfiantzazko giro batean, beharrezkotzat jotzen den erakundeen babesarekin.

Alde horretatik, Arartekoak tartean dauden sektore eta talde guztiei gonbita luzatzen die berriz ere, pertsona guztiek tokia izango duten jai bat elkarrekin prestatzen saia daitezen. Ziur dago, halaber, bertako agintariek beraien baliabide guztiak erabiliko dituztela herritarren artean bizikidetza giroa eta jai zoriontsu nahiz integratzaile bat lortzeko, errespetu demokratikoan eta pertsonen arteko berdintasunean oinarrituko direnak.

Azkenik, Arartekoak Hondarribiko herritar guztiei, onena opa die irailaren 8 jai honekin behar bezala gozatu dezaten, bakean, pozik, zirraraz eta giro onean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 7a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad