ARARTEKOAREN GOMENDIOA BETEZ, ETXEBIDEK BERRIZ AZTERTU DU ETXEBIZITZA ESKATZAILEEN ERREGISTROAN EGINDAKO BAJA BAT, ETA ETXEBIZITZA BAT ESLEITU DIO BERE KARGURA BILOBA BAT DAUKAN EMAKUME BATI



Vitoria-Gasteiz

Arartekoaren esku-hartzeari esker, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak berriz aztertu du "Etxebide" Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erregistroan egindako baja bat. Horrela, Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuak babes publikoko etxebizitza bat errentan esleitu dio diru-laguntzak jasotzen dituen eta biloba bat bere kargura daukan emakume bati.

Era berean, sail horrek hitzeman du arreta handiagoa jarriko duela etxebizitzen esleipena jakinaraztean. Hartara, jakinarazpen pertsonalaz gain, telefonozko edo telematika bidezko jakinarazpenak egingo ditu, baldin eta eskatzaileek, izena emateko formularioan, horretarako beharrezko datuak ematen badituzte.

Arartekoak onartzen du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila ahalegin handia egiten ari dela, Gipuzkoan duen ordezkaritzaren bitartez, interesdunek babes publikoko etxebizitza bat errentan esleitu zaiela jakin dezaten ziurtatzeko.

Sail horrekin bat gatoz ardura handiagoz jokatu behar dela esleipenak jakinarazteko orduan, interesdunei Etxebiden automatikoki baja eman ez diezaieten eta, horren ondorioz, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria jasotzeko eskubide subjektiboa gal ez dezaten, batzuetan gertatzen den bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 25a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2018R-676-18 Ebazpena, 2018ko azaroaren 29koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio "Etxebide" Etxebizitza Babestuko Eskatzaileen Erregistroko baja bat indargabetzeko. Arartekoaren 2018R-676-18 Ebazpena, 2018ko azaroaren 29koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio "Etxebide" Etxebizitza Babestuko Eskatzaileen Erregistroko baja bat indargabetzeko.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad