ARARTEKOAREN ERAKUNDE ADIERAZPENA IHESLARIEN NAZIOARTEKO EGUNEAN


2017ko ekainaren 20a


Vitoria-Gasteiz

2017ko iheslarien nazioarteko egun hau aukera ona da modu kritikoan hausnartzeko ea Europako gizarteak erantzun onak ematen ari zaizkien jazarpenetik, gerratik, heriotzatik eta gosetik ihesi, ate joka babes eta laguntza eske datozkigun pertsonei. Eta egiaztatuko da harrera hori, onenean ere, eskasa eta motela izan dela, eta, iritzi zorrotzagoen arabera, negargarria, deitoragarria eta erdeinagarria.

Iheslarien krisi humanitarioa hain handia dela ikusita, herriaren defendatzaileok, Gasteizen bilduta, baterako adierazpen bat onartu genuen joan den otsailean. Bertan, lehentasunezko neurri batzuk proposatu genizkien autonomia erkidegoei, Estatuari eta Europar Batasunari, arlo hauetan aurrera egiteko: harrera, pertsonen oinarrizko eskubideak betetzea eta asilo kontuan nazioarteko arau eta hitzarmenak betetzea. Horren ondoren, Arartekoak bere kideei, Europako ombudsmanei azaldu zizkien proposamen horiek.

Ekimenak, adierazpenak eta konpromisoak ugaritu badira ere, egiaz, ACNURren datuen arabera, gero eta lekualdatu gehiago daude, babes-eskatzaileak Grezia, Italia, Turkia, Libano, Libiako… eremuetan pilatzen dira, ihesbideak arriskutsuagoak bihurtzen dira egunetik egunera, bakarrik dauden adingabeak arriskuan jartzen dira… Bien bitartean, gero eta eskasagoak dira bizirik irauteko baliabideak, eta Europar Batasunak sustatu zituen birkokatzeko eta birlekukotzeko helburu xumeak ere ez dira betetzen.

Horrelako egoeran, etsipena nagusitzen da besteren sufrimenduarekiko sentikorrak diren pertsonen eta taldeen artean, giza eskubideen defendatzaileen artean, laguntza humanitarioa ematen dutenen artean. Nekez jasan daiteke sufritzaileak batez ere, haur, gaixo eta beste pertsona ahul batzuk artatu eta babesteko dauden presako beharrak, alde batetik, eta erantzun ofizialen epelkeria, bestetik, bereizten dituen izugarrizko tartea. Horri gehitzen zaio aldaketak bultzatzeko eta egoera negargarri hori eraldatzeko eskumena dutenen borondaterik eza.

Gizarte-erakundeek eta gizabanako askok, beren kabuz, aditu diezaieten ahalegintzen dira, lurralde-mugak aurrerantzean oztopo izan ez daitezen ate joka datozkigun gizakien duintasuna onartzeko. Horrela beteko baitira, azkenean, iheslari, haurren eskubide edo gizakien salerosketaren gainean hartu diren nazioarteko konpromisoak.

Egun honetan, Arartekoak elkartasuna adierazten dio gizarte-mugimendu horri, atsedenik hartu gabe oldartzen baita hainbeste errugaberen bizitzak salbatu eta babesteko eta horiek elkartasunaren bidez gizarteratu, kulturan txertatu eta laneratzeko gehiago egin lezaketen eta egin beharko luketenen geldokeriaren eta inertziaren kontra.

On deritzo Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearen eta beste erakunde batzuen ekimen honi: uztailaren 14tik aurrera, Estatuko hirietan barrena ibiltzea, Ceuta eta Melillako iheslarien eta hiri horietan abandonatutako haurren egoera salatzeko, baita ere abusuak eta indarkeria pairatzen ari diren emakumeen egoera ere. Gizarte-mugimendu humanitarioa garrantzitsua da sufrimendua ikusarazteko eta konponbideak bilatzea bultzatzeko.

Nazioarteko egun honetan oraindik ere irmoki aldarrikatu beharra dago giza eskubideak defendatzea, iheslarienak batez ere, betebehar etiko eta legezkoa dela, guztioi dagokiguna.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 19a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad