ARARTEKOAREN ERAKUNDE ADIERAZPENA, LGBTI-EN HARROTASUN EGUNA OSPATZEN DELA ETA


2016ko ekainaren 28a

Europan LGBTI pertsonak indarkeriaren eta gorrotoaren beldur dira, lautik batek pairatu baititu indarkeria fisikoa edo mehatxuak bere sexu-joeragatik edo genero-identitateagatik azken 5 urteotan.

LGBTI pertsonek osatutako familiak erabat onartzea zein garrantzitsua den nabarmendu nahi dugu. Familia horiek erabateko berdintasuna lortzeko burokrazia-trabak aurkitzen dituzte oraindik


Vitoria-Gasteiz

Arartekoak euskal gizarteari dei egiten dio bihar ekainaren 28a LGBTIen Harrotasun Eguna ospatzeko, egun hori gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualen eskubideak aldarrikatzekoa baita. Herri erakundeei eta gizarte osoari eskatzen die LGBTIen eskubideen erabateko onarpena eta berdintasuna gauzatu ditzatela, izan ere, talde horrek mendeak daramatza mundu osoan bereizkeriari iskin egiten, bere sexu-joeragatik eta genero-identitateagatik.

Stonewalleko istiluak gertatu zirenetik 47 urte bete direnean, munduko gizarteak oraindik zorra dauka kausa horrekin. Gurea bezalako herrialde batzuetan LGBTI pertsonen eskubideen onarpenak, dudarik gabe, aurrera egin badu ere, oraindik ilun dago munduko toki askotan, non pertsonak oraindik ere jazarri, erail edo diskriminatu egiten baitituzte beraien genero-identitateagatik edo sexu-joeragatik. Oraindik orain, Orlandoko zorigaiztoko gertakariak agerian jarri du, gainera, talde horren kontrako gorroto-delituek arriskutsuak izaten jarraitzen dutela, baita LGBTIen eskubideak legez aitortuta dauden gizarte batzuetan ere. Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziak (FRA) 2012an egin zuen azterlanak agerian utzi du Europan ere LGBTI pertsonak indarkeriaren eta gorrotoaren beldur direla, lautik batek pairatu baititu indarkeria fisikoa edo mehatxuak bere sexu-joeragatik edo genero-identitateagatik azken 5 urteotan Europako lurraldean.

Horregatik, gaur Arartekoak euskal gizarte osoari gogorarazi nahi dio oso garrantzitsua dela lanean jarraitzea LGBTI pertsonen berdintasuna eta herritar eskubideak formalki onartzea guztiz sendotzeko. Borroka luzea da, gizartearen pentsaera sakonki aldatzera bideratua, sexu-joera edo genero-identitate ezberdinean oinarritutako bereizkeria eta edonolako gorroto-adierazpen bukarazteko. Oraindik erronka ugari daude, eta legeak eta jarduera politikoak LGBTI pertsonen oinarrizko eskubideak babesteko funtsezkoak badira ere, horiekin batera, aldaketa sakonak egin behar dira sendo errotuta dauden gizarte-balioetan. Horrela, LGBTI pertsonek osatutako familiak erabat onartzea zein garrantzitsua den nabarmendu nahi dugu. Familia horiek erabateko berdintasuna lortzeko burokrazia-trabak aurkitzen dituzte oraindik, baita Europako lurralde osoan onarpen homogeneorik ez izatea ere. Horrek guztiak galarazi egiten die familia moduan aske ibiltzea, eta eragina du familia horietako neska-mutilen interes gorenean.

LGBTI pertsona izateagatik harro egotea, gizakiaren osotasunean, beharrezko paradigma bat da, eta modu berean baieztatzen du pertsona guztien duintasun oso eta berdina. Horregatik, Ararteko erakundeak jo eta ke lanean jarraituko du horien eskubideak defendatzen.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 27a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad