ARARTEKOAK OÑATIKO UDALARI GOMENDATU DIO OINEZKOEN SEGURTASUNA BERMA DEZALA UDALERRI HORRETAKO BIDE BATEAN



Oñati

Pertsona batek Arartekoari salatu zion oinezkoek ez zeukatela segurtasunik Oñatiko industrialde batean sartzeko bidean, izan ere, adierazi zuenez, nahitaez bide hartatik igaro behar zuen bere bizilekutik oinez hirigunera iristeko.

Haren esanean, oinezkoentzako ibilbide horretan ez dago espaloi jarraiturik pertsonak oinez joan ahal izateko, galtzadatik igarotzen diren ibilgailuek edo enpresen inguruan ibiltzen diren kamioi eta orgek harrapatzeko arriskurik izan gabe.

Gainera, espaloia dagoen zatietan, normalean ibilgailuak egoten omen dira aparkatuta.
2001. urteaz geroztik kexagileak askotan jo zuen Oñatiko Udalera konponbide eske. Hala ere, harrezkero denbora luzea igaro zen arren, arazoak konpontzeke jarraitzen zuen.

Informazioa eskatu ondoren, salatutako egoera hori konpontzeko asmoz azken urteotan zer neurri hartu zituen jakinarazi zigun udalak. Adierazi zigunez, eremu batzuk pribatuak zirenez gero, ezin zen aparkatzea debekatu. Hartutako neurri guztiak kexa egin aurrekoak ziren.

Arartekoaren ustez, udalak gutxienez 2006. urteaz geroztik zekien kexa sortarazi zuen arazoaren berri, eta, zirudienez, kexa egin aurretik hartutako neurriek ez zuten balio izan salatutako egoera konpontzeko.

Gure iritzirako, oinezkoentzat orain dagoen ibilbidea arriskutsua da bide-segurtasunerako, batez ere bertan espaloi jarraiturik ez dagoelako, ibilgailuak oinezkoentzako ibilbidea gurutzatzen dutelako, seinale argirik ez dagoelako, oker aparkatzen delako eta bertan kamioiak ibiltzen direlako.

Horregatik, Arartekoak Oñatiko Udalari gomendatu dio azterlan bat egin dezala bide horretako oinezkoentzako segurtasunari buruz, eta berma dezala bide-segurtasuna, baita trafikoko araudia beteko dela ere.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 11a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2018R-2979-17 Ebazpena, 2018ko irailaren 4koa.Horren bidez Oñatiko Udalari gomendatzen zaio udalerriko hiri barruko bide batean oinezkoen segurtasuna bermatzeko Arartekoaren 2018R-2979-17 Ebazpena, 2018ko irailaren 4koa.Horren bidez Oñatiko Udalari gomendatzen zaio udalerriko hiri barruko bide batean oinezkoen segurtasuna bermatzeko
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad