ARARTEKOAK GOMENDIOA EGIN ONDOREN, EUSKO JAURLARITZAREN ETXEBIZITZA SAILAK BALIOGABETU EGIN DU ETXEBIDEREN ERREGISTROAN EMANDAKO BAJA BAT



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekoari azaldu zionez, Etxebizitza Sailaren Gipuzkoako lurralde ordezkariak baja eman zion "Etxebide" Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erregistroan, uste baitzuen berak uko egin ziola babes publikoko etxebizitza bat alokairuan hartzeko esleipenari, eta ez zegoen ados erabaki horrekin.

Kexa-idazkian, kexagileak adierazi zuen bere udalerriko gizarte-zerbitzuen helbidea eman zuela, egoera zailean zegoelako eta, batez ere, bizileku egonkorra izateko aukerarik ez zeukalako. Egiaz, kexagileak agiriak emanez egiaztatu zuen Etxebiden izena emateko eskaera telematikoki egin zela, oinarrizko gizarte-zerbitzuetatik beretatik.

Orobat, azaldu zuen guraso bakarreko bizikidetza-unitatea osatzen zuela bere ardurapeko hiru alabekin batera, haietatik bi adingabeak.

Era berean, baieztatu zuen ez ziotela jakinarazi inolako etxebizitzarik esleitu ziotenik eta, beraz, ez zegoela ados erregistroan baja emateko arrazoiarekin, izan ere, administrazioak bazeukan bere telefono zenbakia eta berak ez zekien zergatik sail hori ez zen saiatu berarekin harremanetan jartzen.

Sail horri laguntza eskatu eta egintzak balioetsi ostean, Arartekoak iritzi zion ez zela behar bezala burutu babes publikoko etxebizitza eskaintzeko ekintzaren jakinarazpena.

Gure ustez, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak telefono-deien bitartez indartu behar ditu jakinarazpen pertsonalak egiteko bideak, are gehiago honelako kasuetan, bada kexagileak udalerriko gizarte-zerbitzuen helbidea eman zuen, une hartan bizitzen ari zen bizileku-egoera zailagatik.

Horregatik, sail horri gomendatu genion baliorik gabe utz zezala kexagilearen izen-emateari Etxebiden baja emateko erabakia, eta erregistroan zegokion antzinatasuna onar ziezaiola.

Nabarmendu nahi dugu sail horrek lagundu egin digula kasu honetan, eta baiezkoa eman diola Arartekoaren gomendioa betetzeari.


Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 21a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2019R-352-19 Ebazpena, 2019ko abenduaren 12koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio indarrik gabe utz dezala herritar bati "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan baja emateko erabakia. Arartekoaren 2019R-352-19 Ebazpena, 2019ko abenduaren 12koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio indarrik gabe utz dezala herritar bati "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan baja emateko erabakia.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad