ARARTEKOAK ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILARI GOMENDATU DIO PRESTAZIO EKONOMIKOAK JASO ETA MANTENTZEKO ORDUAN, BEHAR BEZALA HAZTA DEZALA EMAKUME BATZUEK NOZITZEN DUTEN GENERO-INDARKERIAZKO EGOERA



Vitoria-Gasteiz

Azken urteotan Arartekoak kexa asko izapidetu ditu Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) jasotzeko eskubidea eten, amaitu, ukatu edo ez berritzeari buruz. Izan ere, Lanbidek, prestazio horiek jasotzeko eskubidea izan eta mantendu ahal izateko, modu hedagarrian interpretatzen du "eduki ekonomikoko eskubide bat baliarazteko" baldintza eta betebeharra (araudian xedatutakoa) ez betetzea.

Bizikidetza-unitate gehienak guraso bakarrekoak dira, umeak dituzte beren ardurapean, judizialki ezarritako neurriak dituzte gurasoen eta seme-alaben artean, baina neurri horiek ez dira bete. Orobat, zailtasun handiak dituzte oinarrizko beharrak asetzeko, pobrezia pairatzeko arriskurik handiena duten biztanle-taldeetako bat baitira, beste gurasoak ez dizkielako ordaintzen mantenu-pentsioak.

Arartekoak honako arazo hau ikusi du kexa horiek izapidetzean: DSBE/EPO jasotzen duten emakumeei Lanbidek eskatzen die epaitegietan sala dezatela, behin eta berriz, beste gurasoak mantenu-pentsioak ez ordaindu izana.


Lanbideren iritziz, mantenu-pentsioa ez erreklamatzeak berekin dakar "eduki ekonomikoko eskubide bat baliarazteko" baldintza eta betebeharra ez betetzea, eta ez ditu kontuan hartzen beste inguruabar garrantzitsu batzuk, prozedura judizialari dagozkionak.

Arartekoari aipagarriak iruditzen zaizkio, beste kasu batzuen aldean, genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeen kasuak, edo genero-indarkeria pairatu izanaren egiaztagiriak dituztenenak, tartean baitaude babes-aginduak, Ministerio fiskalaren kalifikazioa edo egoera hori egiaztatzen duten epaiak.
Horregatik, bere ustez, berdintasunaren arloko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloko arau-esparrua aipatu behar da, premisa gisa, DSBE/EPO prestazioak erregulatzen dituen araudia aplikatzerakoan interpretazio egokiagoa proposatzeko, kontuan hartuta botere publikoek tratu berezia eman behar dietela edonolako indarkeria matxista jasan duten edo/eta jasaten ari diren emakumeei.

Hau da, funtsezkoa da zerbitzu publikoek emakume horiei eta beren seme-alabei emandako arretaren eta laguntzaren giltza beraien giza eskubideak defendatzea izatea, beraien segurtasuna babestea, eta ez egotea ustezko erasotzailearen kontra lege-ekintzak hastearen mende.

Arartekoaren aburuz, aintzat hartu behar da kalteberatasun egoera larrienetan dauden familia horien pobrezia-arriskua, baita ere biktima horiek alferrik arriskuan jartzen dituztela, eskatzen baitzaie ordaindu gabeko mantenu-pentsioak betearazteko auzi-eskeak jar ditzatela, behin eta berriz, indarkeria matxista dagoen egoeretan.

Horregatik guztiagatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari gomendatzen dio bizikidetza-unitatean genero-indarkeria baldin badago, behar bezala hazta dadila zer oreka dagoen arriskuaren eta ordaindu gabeko mantenu-pentsioa betearazteko auzi-eskearen eraginkortasunaren artean, baita "eduki ekonomikoko eskubide bat baliarazteko" baldintza interpretatzeko orduan ere.

Horrez gain, gizarte-zerbitzuekin beharrezko koordinazio-neurriak abiaraz ditzan eta horietan genero ikuspegia aintzat har dadin eskatu dio.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 13a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2020R-514-18 Ebazpena, 2020ko urtarrilaren 10ekoa. Horren bidez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun izateko eduki ekonomikoko eskubide bat baliarazteko baldintza eta betebeharraren interpretazioan emakumeek jasaten duten indarkeria matxista kontuan hartu dezala eta gizarte zerbitzuekin beharrezko koordinazio-neurriak aurreikus ditzala eskatu zaio Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari. Arartekoaren 2020R-514-18 Ebazpena, 2020ko urtarrilaren 10ekoa. Horren bidez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun izateko eduki ekonomikoko eskubide bat baliarazteko baldintza eta betebeharraren interpretazioan emakumeek jasaten duten indarkeria matxista kontuan hartu dezala eta gizarte zerbitzuekin beharrezko koordinazio-neurriak aurreikus ditzala eskatu zaio Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad