ARARTEKOAK EGINDAKO GOGOETAK KONTUAN HARTUTA, ETXEBIZITZA SAILAK ETXEBIZITZA DUIN ETA EGOKI BAT LEGEZ OKUPATZEKO ESKUBIDE SUBJEKTIBOA AITORTU DIO HERRITAR BATI



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zetorrela bat "Etxebide" Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroko haren izen-emateari aitortu zitzaion antzinatasunarekin.

Kexagileak azaldu zuen 2011tik zeramala alta emanda etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa. Hasieran, erosketa- zein errentamendu-araubidean eman zuen izena.

Nolanahi ere, 2013ko urtarrilean, Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak ofizioz aldatu zuen etxebizitza eskuratzeko araubide hori, eta erosketa-araubidea ezarri zuen aukera bakartzat.

Kexagileak ez zekien etxebizitza eskuratzeko araubidea aldatu zenik, eta, beraz, etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitortzeko eskatu zuen zenbait hilabete beranduago.

Ordezkaritzak eskaera ezetsi zuen eta kexagileak erreklamazio formal bat jarri zuen.

Uste zuen, Ordezkaritzak argudiatutakoaren aurka, kontuan hartu behar zirela 2018ko diru-sarrerak, eta ez 2017koak, eta ez zela behar bezala jakinarazi sartzeko araubidea ofizioz aldatzeko erabakia. Horrez gain, diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun izateak, hein handi batean, eragotzi egiten zion erosketa-araubideko etxebizitza bat eskuratzea.

Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari lankidetza-eskaera egin zion, erreklamazioa eragin duen oinarria egiaztatze aldera, eta zenbait gogoeta helarazi zizkion.

Erakunde honek azaldutako arrazoiak kontuan hartuta, Sailak kexaren sustatzailearen izen-ematearen antzinatasun-data aldatzea eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitortzea ebatzi du.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 12a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2020IR-2605-19 Ebazpena, 2020ko otsailaren 21ekoa. Horren bidez, etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa ukatu izanari buruzko kexa baten harira egindako jarduna amaitu da. Arartekoaren 2020IR-2605-19 Ebazpena, 2020ko otsailaren 21ekoa. Horren bidez, etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa ukatu izanari buruzko kexa baten harira egindako jarduna amaitu da.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad