ARARTEKOAK BIZKAIKO FORU ALDUNDIARI IRADOKI DIO INFORMAZIO HOBEA EMAN DEZALA MENDEKOTASUNA DUTENENTZAKO EGUNEKO ZENTROETAKO ZERBITZUETAN BAJA EMATEAZ



Bilbo

2017. urtean Arartekoak Bizkaiko eguneko zentro batzuetako erabiltzaileen familien kexa batzuk jaso zituen, izan ere, haiei zentro horietan baja eman zitzaien, "zentroko jardueretan parte hartzen ez zutela" argudiatuz.

Kasurik gehientsuenetan, pertsona horiek narriadura kognitibo larria dute eta ezintasun horrexegatik ez zuten parte hartzen. Hala ere, familiek diotenez, zentro horietan bazekiten haien partaidetza-mailaren berri plaza bat eman zitzaienean, eta ez zieten bestelako azalpenik eman hartutako erabakiaren gainean.

Kexa horiek epe laburrean iritsi zirenez gero, Arartekoan galdera bat sortu zen: Bizkaiko eguneko zentroetan ba al dago irizpide nagusirik edo horien egoera berraztertzeko planik?

Bizkaiko Foru Aldundiaren jarduera plan nagusi baten ondoriozkoa izan ala ez, beste bi gai hauetara zabaltzen da gure kezka: ea pertsona horiei zer hautabide ematen zaien eta ea zer informazio eskaintzen ari zaien beraiei eta beren familiei.

Gai horien berri eskatu genion Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailari, eta, informazioa aztertu ostean, hauxe iradoki diogu: zerbitzuetan baja emateko orduan, arreta berezia jar dezala erabiltzaileei eta beren familiei informatzeko eta parte hartzeko prozesuetan. Era berean, administrazio ebazpenak eta jakinarazpenak hobetu ditzan gomendatu diogu, ekintzaren arrazoien eta alegazioak ezesteko arrazoien edukia aberastuz, egokien iruditzen zaion moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 25a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad