ARARTEKOAK BILERA EGIN DU GAUR ACNURREN ESPAINIAKO ORDEZKARIAREKIN



Vitoria-Gasteiz

Manuel Lezertua arartekoak bilera egin du gaur, Arartekoaren Gasteizko egoitzan, Francesca Friz-Prgudarekin, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren (ACNUR) ordezkaria baita Espainian.
Aurretiaz, arartekoa eta ACNURreko ordezkaria Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearekin elkartu dira.

Lezertuak asilo-sistemaren oraingo egoerari eta arazoei buruzko txostenaren berri eman dio Friz-Prgudari. Txosten hori oinarritzat hartu zen adierazpen hau egiteko: "Autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaileen baterako adierazpena, errefuxiatuek eta asilo eskatzaileek bizi duten krisi humanitarioaren aurrean".

Friz-Prgudak arartekoari adierazi dio herriaren defendatzaileen ekimenaren alde dagoela erabat, eta modu koordinatuan elkarlanean aritzeko prest dagoela, errefuxiatuen eskubideak bermatzeko.

Herriaren defendatzaileak hil honen 2an bildu ziren Gasteizen, eta adierazpen horretan zenbait proposamen egin zituzten. Europako, Estatuko eta autonomia erkidegoetako agintariei eskatu zieten bete ditzatela asilo eskatzaileak berriz kokatu eta lekukotzeari dagokionez hartu zituzten konpromisoak, eta beharrezko lankidetza neurriak har ditzatela oraingo egoera onartezinari amaiera emateko.

Arartekoa eta ACNURren ordezkaria lehenago ere elkartu ziren, joan den urrian ACNURrek eta Espainiako Herriaren Defendatzaileak Madrilen antolatu zuten jardunaldi batean, gai hau hizpide hartuta: errefuxiatuak hartu eta gizarteratzea, behartutako lekualdatzeak gertatzen diren egungo mundu-krisiaren esparruan.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 14a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Defendatzaileen adierazpena 2-2-2017 Defendatzaileen adierazpena 2-2-2017
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad