ARARTEKOA ETA ACNUR EUSKO LEGEBILTZARRAREN GIZA ESKUBIDE ETA BERDINTASUN BATZORDEAREN AURREAN AGERTU DIRA



Vitoria-Gasteiz

Manuel Lezertua arartekoa Eusko Legebiltzarraren Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordearen aurrean agertuko da, Francesca Friz-Prguda ACNURren Espainiako ordezkariarekin batera, errefuxiatuen krisi humanitarioarekin eta horiek hartu eta babestu beharrarekin zerikusia duten ekimen batzuk azaltzeko.

Jakina denez, joan den otsailean, autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaileek honako izenburuko adierazpena onartu zuten Gasteizen: "Autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaileen baterako adierazpena, errefuxiatuek eta asilo eskatzaileek bizi duten krisi humanitarioaren aurrean". Lezertuak han onartutako akordioak, hausnarketak eta analisiak azaldu dizkio batzordeari.

Adierazpen hartan egindako proposamenei buruz, oraintsu hasitako ekimen bat nabarmendu du arartekoak, ACNURrek ere bultzatutakoa; horren bidez, Eusko Jaurlaritzari galdetu dio ea zer jarduera eta ekimen onartu dituen edo onartzeko asmoa duen, esperientzia pilotu gisa, Greziatik eta Italiatik datozen adingabe atzerritarrak Euskal Herrian birkokatu ahal izateko, izan ere, adingabe horiek bakarrik daude eta nazioarteko babesa eskatu dute.

Orobat, bere mintzaldian aipatu du euskal biztanleek frustrazio sentimendua bizi dutela, botere publikoek hartu dituzten neurriak motelak eta eskasak direlako.

Arartekoak esan duenez, sentimendu horrek "herri-ekimen batzuk eragin ditu, gerragatik, jazarpenagatik, goseagatik eta izuagatik beren etxeak utzi behar izan dituztenei laguntzeko, Euskadira heltzen laguntzeko ere bai, nahiz eta haiek ez bete administrazio eskakizun guztiak".

Ekimenen izaera humanitarioa egiaztatzeko asmoz, Arartekoak zer gestio egin zituen azaldu du Lezertuak, ekimen horiek pertsonen salerosketarekin nahas ez daitezen. Horren haritik, nahasketak ekiditeko, Migrazioari buruzko Europako Agendatik eratorritako araudi-esparrua hobetzea proposatu zuen, Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuak (IOI) berriki Bartzelonan egindako bileran. Ekimen horrek harrera ona izan zuen.

Egiaz, migratzaile eta errefuxiatuei laguntza humanitarioa ematea Europako gizarte zibilaren elkartasunaren erakusgarri dela adierazi zuten bertara joandako erakundeek. Ondoren, hauxe adostu zuten: Europar Batasuneko estatuei eskatzea portaera hori ez dezatela sartu pertsonen salerosketarako aurreikusita dagoen zigor arloko jazarpenaren barruan, eta, ezer egitekotan, babes ditzatela legez kontrako pertsonen salerosketaren biktimak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 26a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Actividades
Arartekoaren interbentzioa 26-04-2017 Arartekoaren interbentzioa 26-04-2017
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad