ALOKABIDEK, ARARTEKOAREKIN ELKARLANEAN, "BIZIGUNE" PROGRAMAKO ETXEBIZITZA BATEAN TERMO ELEKTRIKOA ALDATZEKO FAKTURA ORDAINDU DIO HERRITAR BATI



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek babes publikoko etxebizitza bat errentan hartua zeukan eta Arartekoari esku hartzeko eskatu zion, ez baitzegoen ados Alokabide sozietate publikoak hartutako erabaki honekin: termo elektriko bat aldatzeagatik ordaindutako diru-kopurua ez itzultzea.

2019ko maiatzean, kexagileak Alokabideri jakinarazi zion termo elektrikoa aldatu beharra zeukala eta presako kontua zela etxean ur beroa izatea, bizikidetza-unitatea bost kidek osatzen baitzuten eta horietatik hiru adingabeak baitziren.

Matxura egiaztatzeko asmoz, teknikariaren balorazioa eta faktura (270 eurokoa) aurkeztu zituen.
Hasieran, Alokabidek ezezkoa eman zion fakturaren zenbatekoa itzultzeari; horregatik, Arartekoak laguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, eta zenbait gogoeta helarazi zizkion. Gure ustez, ez da egiaztatu termoa oker erabili zenik, baizik eta higadura hura termoaren iraunaldiak berezko duen erabilera luzearen ondorioa zen.

Arartekoa sail horrekin bat dator Alokabide sozietate publikoak ezarritako prozedura erabili behar dutela maizterrek horrelako matxurak edo gorabeherak jakinarazteko, baina kasu honetan egoera presakoa zen, bizikidetza-unitatean adingabeak zeudelako. Denbora luzean ur berorik ez izateak kalte larria ekarriko zien, besteak beste, ezingo zituztelako oinarrizko higiene-beharrak ase.

Arartekoak eskerrak ematen dizkio sail horri bere laguntzagatik, izan ere, gogoeta horiek aintzat hartuta, maizterrari fakturaren zenbatekoa ordaintzea erabaki du.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 23a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2019IR-1369-19 Ebazpena, 2019ko urriaren 9koa. Horren bidez, amaitu egin da kexa baten harira erakunde honek egindako jarduna; izan ere, kexagilea ez zegoen ados Alokabide sozietate publikoak "Bizigune" Etxebizitza Hutsen Programako etxebizitza batean ur-berogailu elektriko baten aldaketaren faktura ez ordaintzeko hartutako erabakiarekin. Arartekoaren 2019IR-1369-19 Ebazpena, 2019ko urriaren 9koa. Horren bidez, amaitu egin da kexa baten harira erakunde honek egindako jarduna; izan ere, kexagilea ez zegoen ados Alokabide sozietate publikoak "Bizigune" Etxebizitza Hutsen Programako etxebizitza batean ur-berogailu elektriko baten aldaketaren faktura ez ordaintzeko hartutako erabakiarekin.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad