Arartekoaren antolaera: lantaldea

Ararteko erakundean 48 lanpostu daude, Manuel Lezertua Rodríguez arartekoaren beraren eta arartekoaren ondokoaren lanpostuez aparte.

Eusko Legebiltzarrak aukeratzen du arartekoa bostetik hiru baino gehiagoko gehiengo kualifikatu bidez. 2015eko maiatzaren 28an, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak Manuel Lezertua abokatua izendatu zuen Euskal Herriko ararteko, EAJ-PNV, PSE-EE eta PPren aldeko botoen bidez. Ekainaren 18an jabetu da karguaz.

Arartekoan zuzendaritzako talde bat dago eta talde horretan daude idazkari nagusia, gizarte harremanetako, azterlanetako eta modernizazioko zuzendaria, aurrekontu eta ekonomia kudeaketako eta administrazio eta langile zuzendaria eta komunikazio zuzendaria.

Arartekoaren barruan egon arren autonomiaz funtzionatzen du Haur eta Nerabeentzako bulegoak, bulego honen buru zuzendari bat dago eta teknikari bat aritzen da berarekin batera lanean.

Hamabi teknikariko talde bat dago eta arloetako arduradunak dira (denak juristak); beste lau teknikari laguntzaile ere badaude Arartekoaren zereginak betetzeko. 28 lan eremu daude. Bakoitzaren buru teknikari arduradun bat da eta arlo batzuetan teknikari laguntzaile baten laguntza ere badu.

Herritarren arretarako hiru bulego daude: Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Bulego bakoitzean arduradun bat dago.

Horiez gain, beste 23 lanpostu daude zerbitzu administratibo eta tekniko desberdinak artatzeko: telefonozko arreta, erregistroa, espedienteak eta kontsultak kudeatzeko laguntza administratiboa, kontabilitatea eta aurrekontu kudeaketa, langileen kudeaketa, gaztelania/euskara testuen itzulpena, informazio sistemak edo informatikoak, dokumentazioa, liburutegia, agiritegia, ujier zerbitzuak, ibilgailuak gidatzea, mantentzen lanak eta arartekoaren eta ondokoaren eta zuzendarien laguntzaile administratiboak.

Lanpostuetarako bi tipologia juridiko daude, Arartekoa arautzen duen legeak xedatzen duenaren arabera: behin-behineko langileak edo funtzionarioak eta karrerako funtzionarioak biak ere funtzio publikoaren euskal legean daudenak. Karrerako funtzionarioek betetzen dituzte zerbitzu administratibo eta teknikoekin zerikusia duten posturik gehienak, eta lehiaketa-oposizio bidez lortzen dute lana. Eusko Legebiltzarrak egiten ditu plazak betetzeko deialdiak eta Arartekoaren zerbitzura atxikitzen ditu funtzionarioak. Behin-behineko langileak, aldiz, arartekoak izendatzen ditu meritu eta gaitasun irizpideak kontuan izanda; hori dela eta, lanpostu bakoitzean behar bezala gaitutako pertsona bat dago eta lanpostu bakoitzari dagozkion zereginetarako egokia da. 48 lanpostutatik 31 behin-behinekoak dira eta 17 karrerako funtzionarioak. Behin-behineko langile gehienak administrazio publikotik edo unibertsitatetik datoz.

Herri defendatzaile guztietan ohikoa da behin-behineko langileak erabiltzea eta erakunde honen berezitasun eta izaeragatik justifikatzen da. Espainiako Herri Defendatzailearen 3/1981 Lege Organikoak ezartzen duenez, herriaren defendatzaileak askatasun osoz izendatuko ditu aholkulariak. Autonomia-erkidego gehienetan egin diren lege autonomikoetan herri defendatzaileek -Euskal Herrikoak, besteak beste- lege organiko horren ereduari jarraitu diote, beraz, langile guztiak edo batzuk aldi baterakoak dira eta erakundearen titularrak askatasun osoz aukeratu ditu.

Arartekoan lanaren eraginkortasuna hobetzeko lanean aritzen gara etengabe, ahalik eta etekinik eta eraginkortasunak handiena lortzeko. Helburu hau betetzea eta langileen eskubideak errespetatzea uztargarriak dira. Era berean, arreta berezia eskaintzen zaio laneko bizitza, pertsonala eta familiakoa uztartzeari; hori dela eta, langile batzuek lanaldi eta soldata murriztua dute. Lanaldiko zati hauek ordezko langileekin betetzen dira, ondorioz, Arartekoan lanpostuak baino apur bat langile gehiago dago.

GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Ararteko erakundearen antolaeraren grafikoa Ararteko erakundearen antolaeraren grafikoa
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad