Txosten berezi hau eskura eman dugu: Euskadin terrorismoaren biktimei erankundeek emandako arreta

Euskadin terrorismoaren biktimei erankundeek emandako arreta

Euskadin terrorismoaren biktimei erankundeek emandako arreta Euskadin terrorismoaren biktimei erankundeek emandako arreta






Txosten honen mamia Euskadin egin den eta egiten ari den biktimazio terrorista da, eta erakundeek biktimei eskainitako arreta. Euskal Herrian jardun duten edo diharduten talde terroristen biktima guztiei buruzkoa da, baina ETAk protagonismo berezia du txostenean, hilketa gehienen egilea izan delako, eta oraindik jarduten duen talde terrorista bakarra. Nolanahi ere, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin gainjartzeak ekiditen ahalegindu gara, izan ere, Eusko Legebiltzarrak "kontrolatu gabeko taldeen, eskuin muturreko taldeen eta GALen terrorismoak eragindako biktimen" gaineko txostena egin zezala eskatu zion zuzendaritza horri.

Txostenean azaltzen denez, terrorismoak milatik gora hildako eragin ditu -haien familia, lagun eta gertukoen egoera islatzen da txostenean-, 16.000tik gora zauritu, milaka pertsonak Euskaditik alde egin behar izan dute erbestera, mehatxu terrorista edo bigarren biktimazioa saihesteko, eta, kalkuluen arabera, une honetan 42.000 pertsona inguru pairatzen ari dira ETAren mehatxuak, estortsioak edo hertsapenak.

Gaur egun badira terrorismoaren biktimentzako jarduera eta politika publikoak. Euskal herri-administrazioei dagokienez, politika horietako gehienen oinarrian Eusko Legebiltzarraren 2003ko ekainaren 25eko Legez Besteko Proposamen zabal eta oparoa dago, terrorismoaren biktimen egoera arintzeko neurriei buruzkoa. Legez besteko proposamen hori bozketan parte hartu zuten talde guztiek aho batez onetsi zuten.

Eusko Legebiltzarraren legez besteko proposamen hori, jakina, jarduera publikoak aztertzeko erabili dugun oinarrietako bat izan da. Euskal botere legegileak berak lan goresgarri eta emankorra egin du legebiltzarraren erabaki hori garatzeko. Horretarako, terrorismoaren biktimekin zerikusia zuten ekimen asko hasi ditu. Bereziki garrantzitsua da 2008ko ekainaren 19an legebiltzarreko talde guztiek aho batez Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legea onetsi izana.

Txostena 10 atal eta sei eranskinetan egituratuta dago:

- Aurkezpena
- I. Atala: Txostenaren helburuak, metodologia eta egitura
- II. Atala: Nazioarteko araudia erreferentzi esparru modura terrorismoaren biktimekiko errekonozimendu eta solidaritate politikentzako
- III. Atala: Barne araudiaren pixkanakako egokitzapena, biktimizazio terrorista murrizteko bidearen abiaburu gisa
- IV. Atala: Erakundeek terrorismoaren biktimen egoerari udal eremuan eman beharreko erantzuna
- V. Atala: Terrorismoaren biktimen eskubideak: parte-hartzea, duintasuna, ordain morala, justizia, egia eta memoria
- VI. Atala: Terrorismoaren biktimek ordain pertsonala eta materiala eskuratzeko duten eskubidea: eskubidearen proiekzioa osasunaren, etxebizitzaren, enpleguaren, irakaskuntzaren eta prestakuntzaren alorretan
- VII. Atala: Bizikidetza bakean eta askatasunean garatzeko eskubidea: biktimek duten interesa terrorismoari legitimazioa kentzeko hedabideen bitartez eta indarkeria terrorista prebenitzeko hezkuntzaren bitartez
- VIII. Atala: Biktimazio terroristako esperientziak Euskadin: erakundeek eta gizarteak emandako erantzunaren gainean biktimek egindako balorazioa
- IX. Atala: Mehatxu edota hertsapen terroristen biktimak Euskadin: biktimazio esperientziak eta erakundeen eta gizartearen erantzunaren gaineko balorazioa
- X. Atala: Ondorioak eta gomendioak


Nazioarteko araudian aintzat hartzen dira terrorismoaren biktimei aitorpena egiteko gutxienezko printzipio batzuk, elkarrekin lotuta daudenak. Horiek txostenean bildu ditugu eta, neurri handi batean, Estatuko eta erkidegoko araudietan sartuta daude.

Terrorismoaren biktimekin lotutako gertakari garrantzitsu bat, lehen esan dugunez, ekainaren 19ko 4/2008 Legearen onespena izan da, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egitekoa. Biktimak eskubideen subjektu bihurtzea da lege horren baliorik handiena. Era berean, biktimek aldarrikatutako hirukoa -egia, memoria eta justizia- 4/2008 Legeak aintzat hartutako eskubide-multzoa bilakatu da.

Terrorismoaren biktimei erakundeek udal eremuan emandako erantzuna funtsezkoa da terrorismoari gizartean eta politikan legitimotasuna kentzeko. Euskal udal batzuk, ez asko baina bai eraginkorrak, biktimekin konprometituta daude. Aldiz, euskal udalerri askotan ez da biktimen aldeko neurririk hartu, nahiz eta horietako batzuetan hildakoak eragin dituzten atentatuak gertatu diren.

Erraz egiazta daiteke ekintza terroristak osasuna, etxebizitza, lana edo hezkuntza bezalako arloetan ondorioak dituela. Biktimarentzat funtsezkoa da laguntza psikologikoa lortzeko eskubidea eta berari kasu egingo dion profesionala aukeratzeko eskubidea izatea.

4/2008 Legeak aintzat hartzen ditu, halaber, ekintza terroristek etxebizitzetan, merkataritza eta industria establezimenduetan edo alderdi politiko eta sindikatuen egoitzetan sortutako kalte materialen kalte-ordaina. Babes publikoko etxebizitzak esleitzerakoan, bada terrorismoaren biktimak lehenesteko xedapen bat.

Bestalde, egiaztatu denez, ekintza terroristaren batek eragindako pertsonek lana lortzeko edo lehendik zeukatena mantentzeko zailtasunak dituzte.

Hedabideak eta hezkuntzako instantziak funtsezko eragileak dira terrorismoari legitimotasuna kentzeko, eta txostenean atal bat eskaini zaie gai horiei. Atal horren barruan, laster argitaratuko dugun eta honako gai hau lantzen duen beste txosten berezi bateko zati bat transkribatu dugu: Euskadin adingabeek zer balio dituzten giza eskubideen arloko gai esanguratsu batzuei buruz, eta balio horiek zein bidetatik bereganatzen dituzten. DBHko euskal ikasle batzuei galdera-sorta luzea egin ondoren, informazio oparoa atera da: hain zuzen ere, hamar nerabetatik zazpi ETAren ekintza terroristaren kontra agertzen dira, baina %15ek ez du ekintza terrorista hori gaitzesten, edo justifikatu egiten du, eta beste %14ri ez zaie axola edo ez dute iritzirik ematen.

Txostenean biktimei hitza ematen zaie; horrela, biktima asko batzen dituzten elkarteen eta erakundeen bitartez, beraien eskakizun eta iritzien bitartez, pixkanaka azaleratuz doaz politika publikoek ase beharko lituzketen beharrak. Nabarmendu beharra dago biktimentzako politikak ezin direla laguntzeko politika soiltzat bakarrik hartu. Biktimek egia, memoria eta justiziarako eskubideak aitortzea nahi dute, jendaurrean gainera, ez bakarka.

Eskubide-urratzerik larrienetako bat Euskadin mehatxu edota hertsapenen biktimei egiten zaiena da, alegia, jazarpenezko indarkeria deritzana.

Milaka pertsonak jasaten dute:

- askatasunerako eskubidearen urratzea eta beren biziaren eta osotasun fisiko eta moralaren kontrako mehatxua;
- jazo baino lehenagoko biktimazioak berekin dakarren higadura;
- beren bizitzako denbora berreskuratzeko ezintasuna, jazarpenezko indarkeriaren mende daudelako;
- beren bizitzako alderdi guztietan eragina izatea, nagusiki beren familia-bizitzan.

Hertsapen eta mehatxu terroristen mende bizi diren pertsonek kalitateko babesa eskatzen dute, baita ere arreta publikoko neurrien bidez aitortza egitea eta gizartea kontzientziatuz eta erakundeen laguntzaz egoera hori prebenitzea.

GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Txosten bereziak
Euskadin terrorismoaren biktimei erankundeek emandako arreta (edizio eguneratua eta berraztertua) - 4 Mb. Euskadin terrorismoaren biktimei erankundeek emandako arreta (edizio eguneratua eta berraztertua)
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad