BERARIAZKO ARRETA TERRORISMOAREN ETA JAZARPEN-INDARKERIAREN BIKTIMEI - Zer da arlo hau?

Ararteko erakundeak beti sentikortasun berezia erakutsi izan du terrorismoaren biktimekiko, eta horrexegatik hartu ditu biktimak lehentasunezko arreta behar duen taldetzat. Sentikortasun horren ondorioz, biktimekiko elkartasuna eta hurbiltasuna adierazteko hainbat jarduera ere burutu ditu: komunikatuak igorri ditu indarkeriazko ekintzaren bat gertatu denean, hedabideetan adierazpenak egin ditu eta terrorismoaren biktimei laguntzeko elkarte eta fundazioen zenbait ekitalditan parte hartu du.

Talde antolatuek indarkeria, hilketa, larderia, estortsioa, hertsapena, mehatxua erabiltzea eta beldurrezko nahiz izu-ikarazko giroa sortzea, zoritxarrez, oso ohikoak izan dira euskal gizartean azken hamarkadotan. ETAm, ETApm, Comandos Autónomos Anticapitalistas, GAL, ATE, Batallón Vasco-Español talde terroristak dira eta horien ekintzek ehunka hildako eta milaka biktima eragin dituzte. Biktima horiei, legeak eta etikak hala aginduta, arreta eta laguntza eman behar diete botere publikoek, eta, aldi berean, haien oroitzapena bizirik mantendu behar dute, haien duintasuna babesteko, beren bizitzak eta eskubiderik oinarrizkoenak erauzi zituen izugarrikeriaren salaketak denboran iraun dezan eta pertsonen eskubideekiko begirunea eta indarkeriaren gaitzespena etengabe susta daitezen. Euskal herri-administrazioek helburu horiek behar bezala bete ditzaten zaindu behar du Arartekoak, eta, orobat, lanean jardun behar du euskal gizartean giza eskubideen aldeko kultura erabat eta indartsu ezar dadin, indarkeriaren erabileraren edonolako justifikazio edo legitimazio bere baitatik kanporatuz.

Ekintza terroristaren bitartez proiektu totalitario bat inposatu nahi duen indarkeriazko fenomeno horrek bizirik irauteak larriki urratzen ditu euskal herritarren eskubideak. Herritarrek bizitzarako, osotasun fisikorako eta askatasunerako duten eskubidea babestea da Ararteko erakundearen kezka nagusietako bat.

Erakunde honek beti erabateko salaketa egin du ETA talde terroristak eskubide horiek urratzearen kontra. Gainera, euskal herritar asko beren bizia edo osotasun fisikoa galtzeko mehatxupean bizi dira, eta beren askatasuna mugatuta ikusten dute, hori guztia  ETAk mehatxupean jarri dituen taldeetako batzuetakoak izate hutsagatik. Talde hauetakoak, esate baterako: ordezkari demokratikoak, epaileak, fiskalak, unibertsitateko irakasleak, kazetariak, poliziak, ertzainak, militarrak, espetxeetako funtzionarioak, guardia zibilak, enpresaburuak¿

Arartekoaren helburuetako bat da bakearen aldeko kultura lortzen laguntzea eta indarkeriaren erabilerari legitimitatea kentzea. Beraz, arlo honetan, hurbiltasuna erakutsi nahi diegu hainbestetan ahaztutako terrorismoaren biktimei, beraien eskubideak babesten laguntzen duten jarduera batzuen bidez.

GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Talde terroristen biktimak
Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Talde terroristen biktimak - 2014ko txostena Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Talde terroristen biktimak - 2014ko txostena
Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Talde terroristen biktimak - 2013ko txostena - 141 Kb. Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Talde terroristen biktimak - 2013ko txostena
Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Talde terroristen biktimak - 2012ko txostena Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Talde terroristen biktimak - 2012ko txostena
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad